Bilduri "desafio" egiteko asmoz, Voces Contra el Terrorismo taldeko hainbat kide Espainiatik Leitzara joan dira gaur, ETAren biktimen omenez elkarretaratzea egiteko. Ehunen bat lagun elkartu dira herriko plazan, festetan batzuek euskal presoen eskubideen aldeko pankarta zabaldu zuten lekuan.
Silvestre Zubitur Leitzako zinegotziak (UPN) lagunduta eta Guardia Zibilak babestuta, "justizia" eskatu dute, ETAk hildako zenbait guardia zibilen argazkiak erakutsi dituzte, eta Espainiako bandera eta España y Libertad zioen zapia zabaldu dituzte.
Presoen eskubideen aldeko ekintza harengatik, Oier Eizmendi Leitzako alkatea eta bi herritar inputatuta egin zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Madrilen deklarazioa hartu ostean, aske utzi zituen, baina auzibideak aurrera jarraitzen du.