"Bataloietako gudariak, nazioarteko brigada-kideak, makiak, komunista eta anarkista klandestinoak, askatasuna eskura izatea aukeratu duten gazteak", denak izan dituzte gogoan Egiari Zor fundazioak Ahaztuak eta Goldatu-rekin batera antolatutako ekitaldian. "Denek indarkeria beraren aurka borrokatu baitzuten, estatuen basakeriak eta etengabeko ukazioak sortutako indarkeriaren aurka", esan du ekitaldi amaieran hitza hartu duen ezker abertzaleko kideak.
Goraino bete da Zarauzko Aritzbatalde pilotalekua, eta bideo, kantu eta bertso bidez osatu dute 1936ko gerratik hona "Euskal Herriaren askatsunaren aldeko gudariek" egindako ibilbidea. Frankismo ondorengo indarkeria ere gogoratu dute, besteak beste, tortura, GALek eragindakoa, "gerra zikina"... Ekintza horietan gobernuan egon diren alderdi guztiek parte hartu dutela oroitarazi dute, "EAJk eta UPNk barne", eta ohartarazi diete ez dela zilegi "begirale lana soilik" egitea. "Gauza lazgarriak egin dira, egin dizkigute, eta egin ditugu, gerraren logikan, baina konponbidearen, bakearen eta askatasun nahiaren logikari jarraitu dio herri honek".
Babesa senideei
Aitortzarik izan ez duten biktima guzti horiek gogoan izanda, Egiaren Batzorde baten beharra aldarrikatu dute, eta haitz adaxka bana emanaz irudikatu dute senideenganako babesa. Horiek oholtzan zirela, Eusko Gudariak abestuz bukatu da ekitaldia, pilotalekura bildutakoen txalo artean.