«Guduak» hautestontzietan irabazten direla adierazi du Rubalcabak

PSOEko hautagaiak esan du ETA «desagertzeak» ez duela independentismoaren amaiera ekarriko

Agentziak
Madril
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako hautagai sozialistak adierazi duenez, «ETA desagertzeak ez luke independentismoaren amaiera ekarriko». Onda Cero Espainiako irratian egindako elkarrizketa batean nabarmendu duenez, Bilduk «egin behar zuen bidea» egin du azaroaren 20an egingo diren hauteskundeetan parte hartzeko. «Arauak arauak dira, eta Auzitegi Konstituzionalaren erabakia errespetatu behar da». Orain, «gudua» hautestontzietan egin beharko duela adierazi dio ezkerreko koalizio abertzaleari.

Hautagai sozialistaren arabera, «egoera berri bat hasi da», eta euskal herritarrek zer pentsatzen duten jakiteko unea iritsi da. Rubalcaba ziur dago euskal herritar gehienek «Espainian gelditu» nahi dutela. «Talde terrorista dagoen moduan egoteak ez du esan nahi independentistak desagertu direnik. Norbaitek pentsatzen bazuen terrorismoa desagertzeak independentismoaren amaiera ekarriko zuela, oker zebilen: independentistak egon badaude», ohartarazi du Espainiako Gobernuko barne ministro ohiak.

ETAren aurka orain arte edukitako jarrerari eutsi behar zaiola esan du Rubalcabak. «Egin behar genuena egin dugu, eta gudua irabazten ari gara». Aurrera begira, baina, Espainiako Gobernuak erakunde armatuarekin hitz egin beharko duela aitortu du: «Hitz egin bai, baino akordiorik ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.