Euskal Herria

Gueñes eta Ezkio-Itsaso arteko goi tentsioko linea bertan behera uzteko, hautetsien biltzarrera deitu dute

2011ko apirilaren 13a
16:10
Entzun

Lurra erakundeak eta Mallabia, Berriz eta Garaiko alkateek Gueñes (Bizkaia) eta Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) lotuko dituen goi tentsioko linearen aurka agertzeko hautetsien biltzarra antolatu dute larunbat honetarako. Helburua, Gasteiz eta Muru Artederreta (Nafarroa) arteko goi tentsio linearen proiektua geratzea ahalbidetu zuen prozedura errepikatzea da. Hau da, toki desberdinetako hautetsiek sinatutako manifestuaren bidez egitasmoa bertan behera uztea.

Gueñes eta Ezkio-Itsaso arteko lineak 72 kilometroko luzeera izango du, eta 24 udalerriri eragingo die. Horien artean daude Gueñes, Alonsotegi, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Ugao-Miraballes, Zeberio, Galdakao, Bedia, Igorre, Lemoa, Zornotza, Iurreta, Garai, Berriz, Mallabia, Zaldibar, Elgeta, Bergara, Antzuola, Legazpi, Zumarraga, Gabiria, Ezkio-Itsaso eta Okondo.

Alkateek salatu dutenez komunikabideengandik jaso dute egitasmoaren berri. Aitor Loiola Mallabiako alkatearen esanetan, lehen ez zegoen linea horren beharrik: "Eta orain askoz gutxiago". Gaineratu duenez, udala zein herritarrak goi tentsioko linearen aurka daude: "1.200 biztanle ditu Mallabiak, eta herritarrek 1.010 alegazio aurkeztu dituzte proiektuaren kontra".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.