Proiektuaren fase administratiboak aurrera jarraitzen duela, eta Gueñes (Bizkaia) eta Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) arteko goi tentsioko linearen lanak 2015ean hastea espero dela jakinarazi du Alex Marañon Bilduko aholkulari juridikoak.
Elektrizitate lineak herritarren osasunari kalte egingo diola salatu dute Arrakudiagako, Mallabiko, Zaldibarko (Bizkaia), Antzuolako eta Bergarako (Gipuzkoa) udaletako ordezkariek, Bilbon gaur egindako prentsaurrekoan. Ohartarazi dutenez, tentsio handiko instalazioek minbizia, leuzemia eta alzheimerra izateko arriskua handitzen dute. Proiektuaren txostenean, ordea, gaixotasun horien berririk ez dela ematen kritikatu dute.
Berriro ere, goi tentsioko linearen beharra zalantzan jarri dute alkateek; ez dago berori eraikitzeko behar ekonomikorik, ezta praktikorik ere, haien esanetan. Pertsonen osasunari ez ezik, lehen sektoreari ere "kalte handia" egingo diola kritikatu dute.
Plataformek, herritarrek eta udalek goi tentsioko linearen aurka jarritako helegiteen erantzunak jasotzeko zain daude. Horien arabera erabakiko dute zer neurri hartu aurrerantzean. Marañonek azaldu duenez, kaltetutako herritarrei eta goi tentsioko linearen kontrako plataformei aholkularitza juridikoa emango diete Bilduk gobernatzen duen udaletan.
Europako legediaren kontra
Gueñes eta Ezkio-Itsaso arteko goi tentsioko lineak ez ditu errespetatzen Europako Batasunak finkatzen dituen irizpideak, alkateen esanetan. "Europako Batasuneko araudian 1.000 volteko metro bateko segurtasun distantzia aipatzen da prebentzio neurri gisa. Gueñes-Ezkio-Itsaso proiektuan 500 metroan dauden zazpi herri aipatzen dira, baina ez distantzia horretan dauden bestelako etxebizitza eta biztanleak dituzten gainerako eremuak", ohartarazi du Inma Beristain Antzuolako alkateak.