METEOROLOGIA

Gueñesen 44,8 gradura iritsi dira

Euskalmetek prebisioen larritasun maila igo du 15:00-18:00 bitarterako, kostaldean, Ebro ondoko eskualdeetan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barnealdeetan.

Tutera, atzo, bero boladaren erdian. IÑIGO URIZ / FOKU
Iosu Alberdi - Irati Urdalleta Lete - Ion Orzaiz
2023ko abuztuaren 23a
12:39
Entzun

Beroa erasaten ari da. Atzotik, alerta laranja ezarria zegoen Euskal Herri osoan tenperatura beroengatik, baina, egin dituzten iragarpenen arabera, baliteke egoerak okerrera egitea datozen orduetan, eta termometroak 42 gradura ere iristea. Gueñesen (Bizkaia) dagoen Sodupeko estazio meteorologikoak 44,8 gradu erregistratu ditu gaur 16:00 aldera. Bilbon berriz, 41,4 gradura iritsi dira. Euskalmetek jakinarazi duenez, Lasarten (Gipuzkoa), ordu horretan, 38,2 gradura iritsi dira; Oiartzunen (Gipuzkoa) berriz, 35,5 gradura, Gasteizen 39,2 gradura, eta Kanpezun (Araba) 38,8ra.

Hain zuzen, Euskalmetek alerta laranja ezarria zuen gaurko Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan, baina abisua zorroztu du 15:00 eta 18:00 bitarterako, «muturreko tenperatura oso altuengatik». Zehazki, alarma gorria ezarri du Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeetan, Ebro ondoko eskualdean, Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdeetan eta Arabako erdialdean. Gehienezko tenperaturak 36 gradu ingurukoak izango dira kostaldean, baina koska bat gorago igoko dira termometroak barnealdean. Arratsaldean, isurialde atlantikoaren barneko aldeetan 41-42 gradura ere irits daitezke. Abisu gorria 18:00ak arte egongo da indarrean, eta alerta laranja orokorra, berriz, 21:00ak arte.

Ostegunerako ere antzekoa da pronostikoa. «Muturreko tenperatura oso altuak» espero dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta alerta laranja martxan egongo da gaurko ordutegi berean. 39 graduko gehienezko tenperaturak espero dira. Gainera, baso suteak izateko arriskuagatik, abisu horia ere aktibatu dute, gaurko eta biharko. Argudiatu dute tenperatura beroez gain «hezetasun erlatibo txikia eta hego haizea» izango direla.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak LABI Larrialdiei Aurre Egiteko Bidearen alerta fasea ezarri du hurrengo egunetarako. Azaldu dutenez, besteak beste, «egoeraren etengabeko jarraipena» egingo dute, eta, larrialdirik bada, erantzun egingo diote. Gainera, alertagatik, «garrantzitsua izan daitekeen informazioa» emango diete herritarrei eta larrialdi zerbitzuei, eta baliabideak gerturatu edo lekualdatuko dituzte.

Nafarroa ere alertan dago. Hain zuzen, Aemetek alerta laranja ezarri du lurralde osorako gaurko eta biharko. Gaur lurralde ia osoan 40 graduko tenperaturak izango dira, eta biharko ere ez dute aldaketarik espero.

Halaber, lehorteagatik, Nafarroako Gobernuak suteen ohartarazpena egina du, «muturreko arriskua» baitago, haren esanetan. Eskatu dute kontuz ibiltzeko, eta gogorarazi dute, besteak beste, debekatuta dagoela barbakoarik egitea, baita piroteknia materialik erabiltzea ere.

Pirinio Atlantikoetako prefeturak ere alerta bera jarri du Ipar Euskal Herri osoan, tenperatura beroengatik. 40-41 graduko gehienezko tenperaturak espero dira gaurko eta biharko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.