DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA

Gune berriak zipriztinduko ditu Donostiako Aste Nagusiak

Gaur aurkeztu dute 396 jardueraz osaturiko egitarau ofiziala, Ondarretako pasealekuan. Han izan dira Donostiako alkate Eneko Goia eta Festak Jardueretako zinegotzi ordezkari Alfonso Gurpegi.

Ondarretako pasealekuan aurkeztu dute egitaraua. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
2015eko uztailaren 29a
17:47
Entzun

Aurtengo jaiek abuztuaren 8tik 15era bitartean iraungo dute, eta alkateak jakinarazi duenez, “hiriko gune berrietara zabaltzeko asmoarekin” egin dute programa, beste espazioak ere aintzat hartzeko, eta horiek jendarteratzeko; Ondarretako eta Gernikako arbolako pasealekuak izango dira gune berrietako bi. Abuztuaren 8an botako duten kanoikadarekin hasiko dute Aste Nagusia, eta aurtengoan, “luxuzko" bi erakunde omenduko dituzte: Koruko Ama Birjinaren Eskola eta Easo abesbatza.

Gurpegik jaietako egitarauaren deskribapena egin du, eta azaldu duenez, zenbait berrikuntzekin datoz: “Ostiralean, emakume bertsolarien bertso saioa egongo da, eta Uxue Alberdik, Oihana Bartrak, Nerea Elustondok eta Eli Pagolak hartuko dute parte; larunbatean, Konstituzio plaza entsegu toki bilakatuko dugu, dantzariek haien dantza eta antzerki ikuskizunak eskain ditzaten; gau horretan, Queen-en bertsioak joko dituen taldearen kontzertua eskainiko dute, eta Ondarretan azken filma proiektatuko dute”. Ondarretako gunea berreskuratu, eta orotara, hiru pelikula emitituko dituzte: Urte berri on, amona, El planeta de los simios eta Guardianes de la galaxia.

Egitarauak orotariko ekintzak hartzen ditu barne, mota askotako publikoa kontuan hartuta. Horretarako, Donostiako Aste Nagusian falta ezin diren ikuskizunak eta ekintzak antolatu ditu udalak: eguneroko buruhandien eta erraldoien eta zezen suzkoaren irteerak, kirolarekin loturiko ekintzak, Urumea ibaian arrantza lehiaketa, esku langileen azokak, piraten abordaia, Sagueseko kontzertuak, haurrentzako jolasak... "Jaiak orotarikoak, giro onekoak, parte hartzaileak eta kulturanitzak izango dira”, azaldu du Gurpegik. Gainera, programa beste hizkuntzetara itzuli dute, atzerriko jendeak ere parte har dezan Donostiako jaietan.

Eraso sexistak, "soberan"

Errealitatea izenburupean, Javier Villarek diseinatu du Aste Nagusiko irudia. Diseinu "sinple, koloretsu eta modernoa" erabili duela nabarmendu du Gurpegik. "Donostiarrok ondo ezagutzen dugun uda islatzen du, eguzkitakoaren eta hodei zein eguzkiaren bitartez”. Bai Goiak eta bai Gurpegik deialdia egin diete herritarrei, gogoraraziz jaiak “errespetuz bizi” behar direla. "Ondo pasatuz, eta eraso sexistarik gabe”. Horren harira, alkateak iragarri du eraso sexisten aurkako kanpaina eta ekitaldi berezi bana egingo dituztela. "Eraso sexistak soberan daude festetan".

Donostiako Piratek, berriz, abuztuaren 16ra arte luzatuko dute Aste Nagusia, irrikitaldiarekin; gaur bertan aurkeztu dute jaietako egitarau kulturala; guztira, 100 egitasmo baino gehiago antolatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.