Zaintza partekatua

Guraso arteko orekaren bila

Jaurlaritza hasia da zaintza partekatuari lehentasuna emango liokeen lege egitasmoa aztertzen. Seme-alaben hobe beharrez dela argudiatzen dute aldekoek; badira, ordea, hari lege izaera ematearen aurka daudenak. 'Igandea' gehigarriak erreportajea argitaratu du gaur zaintza partekatuaren inguruan.

arantxa elizegi egilegor
2013ko martxoaren 24a
14:31
Entzun

Asko dira elkarrekin aurrera egiterik ez, eta banantzea erabakitzen duten bikoteak. Prozesuak ez du zertan traumatikoa izan, baldin eta adostasunera heltzen badira. Baina tartean seme-alabak sartzen direnean, egoera zaildu egiten da.

Kidetza Banandutako Gurasoen Euskadiko Federazioak eman zituen dibortzioen inguruko azken datuak duela aste batzuk. Horien arabera, iazko lehen hiru hiruhilekoetan 3.325 bikote banandu ziren EAEn, aurreko urtean baino %1,5 gutxiago. Federazioa kezkatzen duena, hala ere, ez da banantzen diren bikoteen kopurua, horietatik zenbatek jotzen duten auzitegietara baizik, 2011n baino %2,7 gehiagok. Datu okerrena Bizkaikoa da: bikoteen %41,5ek jo zuten auzitegietara adostasuna lortu ezinik. Kidetzako presidente Justo Saenzek argi du arrazoia. "Prebentzioak huts egin du. Aurreko Eusko Jaurlaritzak gurea bezalako elkarteak diruz laguntzeari utzi zion, eta ondorioz, gehiago dira auzitegietan amaitzen duten bikoteak. Krisiak ere zerikusi handia du, baina horren atzean badago beste arazo bat: haurren zaintza".

Kidetzak denbora luzea darama zaintza partekatuaren aldeko borrokan. Haien iritziz, epaileek zaintza mota horri lehentasuna emango baliote, errazago konponduko lirateke bikoteen arteko gatazka asko, eta seme-alabentzat ere hobea litzateke. Gaur egun, hamar dibortzio kasuetatik bederatzitan amaren ardurapean geratzen dira haurrak. Hori, ordea, gurasoetako baten interesen alde jokatzea da, Saenzen iritziz: "Banantzeetan adingabekoen ongizatea dago banakoenaren gainetik, eta argudiatzea gurasoetako batek hura besteak baino hobeto zainduko duela, haurra norbere interesen alde egiteko erabiltzea da. Bestetik, gizonei zaintzaren ardura hartzeko aukera ematen badiegu, berdintasunean ere aurrera egingo dugu, baina horretarako, atea irekitzea beharrezkoa da".

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak hasi berri du Kidetzak bultzatutako egitasmo legegilearen tramitea. Proposamena Justizia Batzordearen esku dago orain, eta zabalik dago emendakinak aurkezteko epea ere. "Dagoeneko hiru alderdik euren babesa eskaini digute: EAJk, UPDk eta Alderdi Popularrak. Orain EH Bildurekin hitz egiten ari gara", azaldu du Saenzek. Kidetzako zuzendariaren esanetan, guztiekin hitz egitea da haien helburua, parlamentura heltzen den legeak "aukera berdintasuna" defenda dezan.

Patricia Verdes familia abokatua bat dator Saenzekin banantze kasuetan adingabearen ongizateak izan behar duela helburu, baina ez du uste horretarako zaintza partekatua lehentasun bilakatu behar denik. "Askotan nahastu egiten ditugu guraso agintea eta haurren zaintza. Hemen bikote bat banantzen denean, nahiz eta haurraren zaintza baten esku geratu, bi gurasoek dute hari buruzko erabakiak hartzeko eskubidea eta betebeharra. Gainera, bietako batek hori urratuko balu, besteak auzitegietara jo lezake. Bestetik, eta zaintzari dagokionez, nik zaintzaz baino gehiago denbora partekatzeaz eta kasu bakoitza banan-banan aztertzeaz hitz egingo nuke". Abokatu bizkaitarraren iritziz, zaintza partekatuaren aldeko borrokan buru-belarri sartu aurretik gizartea aldatu beharko litzateke. "Zenbat aita ikusten dituzu eskoletako atarian euren seme-alabak eramaten?"

Lehen saioan huts

Euskal Autonomia Erkidegoan lege proposamena aztertzen besterik hasi ez diren arren, Nafarroa eta Iparraldeko egoera bestelakoa da. Ipar Euskal Herrian, Frantziako legediaren menpe egonik, duela 11 urte sartu zen indarrean zaintza partekaturi lehentasuna ematen zion legedia. Han, bikoteen bereizketa edo banantze kasuetan, haurraren zaintza partekatu behar dute gurasoek, edo hori agintzen du legeak. Dena den, errealitatea bestelakoa da, oraindik ere epaileek amari ematen baitio gehienetan adingabeen ardura. Bigarren kasu honetan, seme-alaben zaintzarik gabe geratutako gurasoak bi asteburutik behin —ostiral iluntzetik igande iluntzera— egon ahalko du harekin, eta baita haurren oporraldiaren erdia ere. Hori, dena den, legeak agindutako gutxienekoa da, hortik aurrera gurasoek erabaki ahalko dute nola banatu denbora. Horretaz gain, adostutako zaintzari ematen dio lehentasuna legeak, eta hori ezinezko den kasuetan seme-alaben eskubideak bermatuko dituen bitartekari bat ezartzen du.

Nafarroan Ipar Euskal Herrikoaren antzeko legedia ezartzen ahalegindu ziren; bukaeran onartutakoa ez zen izan, ordea, Anapase Nafarroako Guraso Bananduen Elkarteak espero zuena. "Onartutako legea txarra eta edukirik gabekoa da. Ez du ezertan aldatzen orain arteko egoera", salatu zuen erakundeak 2011n Nafarroako Parlamentuak legea onartu zuenean. Izan ere, azkenean onetsitako artikuluaren arabera, epaileak erabakiko du haurrarentzako onuragarriena den zaintza mota kasu bakoitzean. Bide horretan, legeak ados jartzera bultzatzen ditu bi gurasoak. Kidetzak, ordea, urrats bat harago joan nahi du. "Egia da gaur egun ere ezartzen dela zaintza partekatua bikoteak hala adostuz gero, edo epaileak haurraren hobe beharrez dela erabakitzen duenean. Baina guk nahi duguna hari lehentasuna ematea da. Nafarroan gertatu zena errepikatzekotan ez du merezi ahalegina egitea. Han ere laster berriz aldatu beharko dute legea", azaldu du Saenzek.

Verdes bera ere bi gurasoen parte hartzea bultzatzearen aldekoa da, baina haurrak jaiotzen diren une beretik, ez bakarrik dibortzio edo banantze kasuetan. "Askotan, gurasoetako batek bere gain hartzen du ardura bikotea elkarrekin dagoenean ere, pentsatuz berak, umea barruan eraman duelako edo hala irakatsi diotelako, hobeto egiten duela. Baina besteari ere utzi egin behar diogu parte hartzen, nahiz eta gauzak beste era batera egin. Zaintza partekatua beharrezkoa da, baina hasieratik".

Etxebizitza, oztopo

Bada, hala ere, seme-alabekin batera gatazka iturri izan ohi den beste elementu bat: etxebizitza. Kode Zibileko 96. artikuluak halaxe dio: "Epaileak onartutako bikotekideen arteko akordiorik ezean, familiaren etxebizitzaren eta bertako tresnen erabilera seme-alabei eta haien zaintzaz arduratuko den bikotekideari dagozkio". Ondorioz, eta kontuan harturik egungo krisi egoera, zaintzarik gabe geratutako gurasoak lagun edo senideren baten etxera joan behar izaten du. Izan ere, maiz gertatzen da bikotearena izandako etxetik alde egin behar izatea, baina hipoteka ordaintzen jarraitu beharra. Kidetzak legebiltzarrera eramandako proposamenaren arabera, berriz, bikotearena izandako etxebizitza eta bestelako ondasunak likidatu egingo lirateke eta irabaziak banatu. "Haurren zaintza eta etxebizitza lotzea akats larria da, ahalbidetzen duelako gurasoetako batek  etxea bereganatzea haurra berarekin egongo den aitzakian, bestea handik alde egitera derrigortuz. Arazoa are larriagoa da krisi garaiotan, gerta baitaiteke kanpora doana langabezian egotea ere, eta nora ezean geratzea. Haurrarentzat ere kaltegarria da hori gurasoen arteko liskarra eragiten duelako. Dibortzioak oso egoera dramatikoak eragiten ditu, eta, gainera, etxebizitzaren auzia gehitzen badiogu, ondorioak izugarriak izan daitezke", argudiatu du Saenzek. 

Verdes ere etxebizitza eta zaintzaren auziak banatzearen aldekoa da, baina horretarako, beste bide bat proposatu du: "Legea aldatu eta zaintza partekatuari lehentasuna eman beharrean, egin behar dena da 96. artikulu hori aldatu. Horrekin nahikoa litzateke; izan ere, epaileak aske izango lirateke legea unean uneko egoeraren arabera interpretatzeko, eta bikote gutxiagok joko lukete auzitegietara". Bestetik, abokatuaren ustez, Kidetzak proposatutako irtenbidea, hau da, etxebizitza saltzea, ez da egokiena krisi garaian. "Egun, askotan ikusten dugu etxea saldu eta aurreko jabeek hipoteka ordaintzen jarraitu behar izatea. Etxea partekatzea ere ez da irtenbidea, gatazka areagotzeko baino ez baitu balio. Nire ustez, egokiena litzateke ekonomikoki ahulen dagoen gurasoak gozatu ahal izatea hura, nahiz eta zaintza eduki ez. Hori bai, haren egoera ekonomikoa hobetzean, berriz hitz egin beharko litzateke etxearekin zer egin. Gerta daiteke ere seme-alabek nolabaiteko ezintasun bat izatea, eta 18 urte beteak izan arren, zaintza luzatu beharrean egotea; halakoetan ere aztertu egin beharko litzateke zer egin. Beraz, azkenean hori da irtenbidea, alegia, kasu bakoitza bere testuinguruan aztertzea, lege orokor bat onartu beharrean".

Baliabide gehiago

Bikote bateko kideek bideak banantzea erabakitzen dutenean, eta tartean adingabeak daudenean, zail da ados jartzea. Baina, akordiorik lortu ezinda, epaitegietara jotzen dutenean prozesua bi urte arte ere luza daiteke, eta horrek harremanak okertu egiten ditu nabarmen. Hori guztia erraztuko luke doako familia bitartekaritza zerbitzua edukitzeak eta baita halako auzietan aditu diren "nahikoa" epaitegi egoteak ere. "Behar bezalako eta doako bitartekaritza zerbitzuak behar dira, dibortzio kasuetan gatazkak saihestu eta gurasoen hartu-emana lagunduko dutenak, eta bide batez, seme-alaben ongizatea bermatuko dutenak. Garrantzitsua da ere familia auzitegien lana azkartzea; egun, askotan gertatzen delako epaile berak erabaki behar izatea trafiko istripu batez, ikasketekin lotutako auzi batez eta dibortzio batez. Noski, epaile horrek ez du nahiko denbora izango azken kasu hori behar bezala aztertzeko, eta betiko bidea hartuko du; hau da, zaintza gurasoetako baten esku uztera", nabarmendu du Verdesek.

Bestelako beharrak ere ikusten ditu Saenzek; esaterako, etxetik kanpora joatera derrigortutako gurasoentzako etxebizitza sozialak. "Gero eta gehiago dira auzitegietara jotzen duten bikoteak, batez ere Bizkaian. Horren atzean daude lehen aipatutako bi arazo nagusiak, zaintza eta etxebizitza. Bitartekaritzarako baliabideez gain, udalek eta diputazioek aztertu beharko lukete etxerik gabe geratutako gurasoentzat etxebizitza sozialak egitea, alokairu merke batekin. Alokairu soziala behar-beharrezkoa da gaur egun, ez bakarrik dibortzio kasuetan, baita bestelakoetan ere".

Txikitatik irakatsitako joerak aldatu eta gizartea zaharberrritzearen aldekoa da Verdes. "Gurpil zoro bat da. Amak hartzen ditu haurra zaintzeko baimenak, eta beraz berak izan ohi du soldata baxuena ere, eta ondorioz, dibortzioaren unean haren alde egiten du epaileak. Gurpila gelditu behar dugu, beste ezertan hasi aurretik". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.