Nafarroako sare publikoko D ereduko gurasoek haien seme-alaben irakasle diren profesionalen alde egin dute, eta babes bera agertzeko eskatu diete Nafarroako Gobernuko agintariei. Guardia Zibilak "ustez" egindako txostenaren harira, D ereduaren aldeko haien konpromisoa "indartu" bertzerik ez dela egin nabarmendu dute gurasoek. Kalitatezkotzat eman dute D eredua, eta ikasle elebidunak ematen dituen bakarra dela erantsi dute. Bertze hainbat ikastetxetako guraso elkarteek bat egin dute Iturrama, Hegoalde, Amaiur eta San Frantziskoko gurasoekin, eta atxikimendua adierazi diote D ereduaren alde plazaratu duten manifestuari.
Gurasoek bihar Iruñean D ereduaren alde eginen den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. 18:00etan hasiko da, Antoniutti parkean.