Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kulturetxean aurkeztu dute plataforma. Ekitaldia "hunkigarria" izan da, antolatzaileen esanetan, eta amaieran, errauste plantaren eragin-eremuko herrietako hainbat familiak plataformaren logoa irudikatu dute.
Zubietan (Gipuzkoa) egitekoa diren erraustegiak herritarren osasunean, eta bereziki umeengan, izango duen eraginengatik kezkatuta dauden guraso talde gisa aurkeztu dute taldea, eta uste dute kezka horrek baduela funtsik: "Gure kezkak oinarria eta funtsa du, osasuna arriskuan dagoenaren aitortza inplizitu bat badagoela". Gogorarazi dute Gipuzkoako Aldundiak eta Biodonostiak azterlan epidemiologiko bat egitea hitzartu dutela, eta uste dute azterketa horren beharrak frogatzen duela arriskua egiazkoa dela.
Horrez gain, gogoan hartu dute Eusko Jaurlaritzak 30 kilometroko diametroa duen "eragin-eremua" onartzen duela; Zubietako plantaren eragin-eremuan 200 ikastetxe daudela ohartarazi dute. Donostiako ospitale gunea eta Onkologikoa ere “eragin-eremu” horren barnean daude.
Bestalde, OEIT Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko medikuek aurkeztutako froga zientifikoen aurrean "beldurra" azaldu dute: "Medikuek argi diote: fetoak, haurrak eta gaztetxoak dira, gaixo eta edadetuekin batera, erraustegien efektuen eragin nabarmenenak jasaten dituztenak".
Bideo batekin batera, webgune bat prestatu dute, sareratutako manifestuaren aldeko atxikimenduak biltzeko.
[Youtube]https://youtu.be/5P0sZ0Aaeug[/Youtube]