Zubietako erraustegia

GuraSOSek helegitea jarri du Konstituzionalean, erraustegiaren ingurumen baimenaren aurka jo ahal izateko

EAEko Auzitegi Nagusiak eskatu du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Legea Espainiako konstituzioaren kontrakotzat jotzeko. Lege horrek ahalmena ematen dio GuraSOSi Zubietako erraustegiaren ingurumen baimenaren aurkako errekurtso bat jartzeko.

Zubietako erraustegia, probatan, iazko abenduan. GORKA RUBIO / FOKU
2020ko ekainaren 19a
17:12
Entzun

GuraSOS plataformaren eta Zubietako (Gipuzkoa) errauskailua sustatu duten instituzioen arteko auzia Espainiako Auzitegi Konstituzionalera iritsi da. Auzitegiak tramiterako onartu du GuraSOSek jarritako errekurtso bat, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Legea dela eta; EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eskatu du lege horren atal bat Espainiako konstituzioaren aurkakotzat jotzeko. Plataformak adierazi du Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Auzitegi Nagusia behartu zutela konstituzio kontrakotasun auzi bat zabaltzera Eusko Legebiltzarrak onartutako legearen aurka. Legeak GuraSOSi ahalmena emango lioke IBB ingurumen baimen bateratuaren aurkako errekurtso bat aurkezteko.

GuraSOSek adierazi duenez, Auzitegi Konstituzionalak iragan asteartean onartu zuen errekurtsoa tramiterako, eta hiru eguneko epea eman zien alde guztiei: Fiskaltzari, Eusko Legebiltzarrari, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Azken hiru horiek Ingurumen Legea konstituzioaren aurkakotzat jo nahi izan dutela esan du GuraSOSek, plataforma bera «paretik kentzeko» helburuarekin. Izan ere, GuraSOSek salatu zuen Eusko Jaurlaritzak errauskailuaren proiektuari emandako IBBa iraungita zegoela. Lege horretako 3.4 artikuluak edonori ematen dio «ingurumenari eragin diezaiokeen» neurriren baten aurka jotzeko ahalmena.

«Auzitegi Konstituzionalak Ingurumen Legea konstituzioaren aurkakotzat hartzen badu, GuraSOS auzian paretik kentzea lortuko lukete, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusia ez litzateke sartuko aferaren mamian. Gure aburuz, hain urrutira iristeko gai badira, errekurritutako akordioaren legezkotasunean batere konfiantzarik ez dutelako izango da», adierazi du plataformak.

Bestalde, GuraSOSek azaldu du aste honetan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Zubietako (Gipuzkoa) erraustegiaren IBBaren eraginkortasuna aitortu duela. «Horrek agerian uzten du erraustegiaren orain arteko funtzionamendua legez kanpokoa izan dela. Horrek guztiak erraustegiaren kudeatzaileengan erantzukizun judizialaren arrastoa uzten du», esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.