Ingurumena

GuraSOSen arabera, Zubietako erraustegiaren ingurumen baimena iraungi egin da

Probetarako epea gaindituta, Zubietako plantaren egitasmoa arriskuan ikusten du GuraSOSek. Ingurumen Sailari eskatu dio iraungitzat jotzeko ingurumen baimen bateratua (IBB). Kanpaina bat martxan jarri dute, Kontuz, ama naiz lelopean.

Zubietako erraustegia kea isurtzen, joan den abenduan. GORKA RUBIO / FOKU
2020ko urtarrilaren 29a
10:16
Entzun

Donostian egin dute agerraldia GuraSOSeko ordezkariek, eta azaldu dute egitasmo gehiago jarri dituztela martxan Zubietako erraustegiaren proiektua bertan behera uzteko. GuraSOSen zerbitzu juridikoek uste dute iraungita dagoela planta martxan jartzeko beharrezkoa den baimenik garrantzitsuena (ingurumen baimen bateratua), eta horixe eskatu diote Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari, urtarrilaren 23an sartutako eskaera batean: “Espero dugu hurrengo egunetan Ingurumen Sailburuordetzak deklaratzea baimenaren iraungitzea”, adierazi dute.

Plataformako kideek esan dutenez, “legez kanpoko” jarduerak egiten ari dira egitasmoaren bultzatzaileak. Besteak beste, “gezurretan aritzea” ere egotzi diete. Adibidez, agiri bat erakutsi dute, Ekondakin erraustegiaren enpresa talde emakidadunarena. Idatzi hartan, epeekin zituen zailtasunez ohartarazi zion GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari, eta proba epearen luzapen bat eskatzen zion: “Proiektua bideragarria izan dadin, ekainaren 11tik aurrerako etenaldi bat lortzea beste aukerarik ez dago”.

Hain zuzen ere, proba epea 2019ko apirilaren 24an hasi zen, zazpi hilabete eta erdirako. Berez, abenduaren 9rako martxan egon behar zen erraustegia, baina atzeratuz joan da, eta, azken agerraldi publikoan Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen diputatuak esan zuen martxoan hasiko dela zaborra erretzen. Idatzi horren ondorioz, GHK-k enpresen eskaera jaso, eta Ingurumen Sailari eskatu zion proba aldia eteteko. Urriaren 2an aurkeztu zuen eskaera GHK-k Ingurumen Sailean, “argindar hornidura orokorrean” arazoak zeudela argudiatuta, transformadore nagusia energizatzeko izandako traben ondorioz. Arazo hori instalazioetatik kanpoko egituretan gertatu zela argudiatu zuen idatzi horretan GHK-k.

GuraSOSek gaur azaldu duenez, “bi aldiz faltsua” zen argudio hori. Batetik, hornidura elektrikoarekin zegoen arazoa ordurako konponduta zegoelako, irailaren 20az geroztik. Enpresek hala aitortua zuten irailaren 27an GHKri proba epeen luzapena eskatzeko egindako eskaeran. Bestetik, GuraSOSek ziurtatu duenez, arazoa ez zegoen instalazioetatik kanpoko egituretan, transformadore nagusian baizik. “Transformadore hori erraustegiaren erdi-erdian dago, eta kontratuak jasotzen du. Badirudi gezur horrekin babestu nahi zituztela enpresa emakidadunak, epeak ez betetzea haiei egoztea saihesteko”, adierazi dute. Izan ere, epeak ez badituzte betetzen, GHKrekin sinatutako kontratuak aurreikusten du zigor ekonomikoak jartzea. Besteak beste, instalazioak martxan egon beharko lukeen egun bakoitzeko, 60.000 euro ordaindu beharko lituzkete enpresek.

Gainera, GuraSOSek azaldu duenez, azaroaren 25ean berriro “gezurra” esan zion Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Jaurlaritzari, elektrizitate horniduran izandako arazoak “konponduta” zeudela adierazi baitzion. Izan ere, hornidura arazoak irailean bertan konponduta zeuden, proba aldiaren etenaldia martxan jarri aurretik. Jaurlaritzak idatzi hori jaso eta hurrengo egunean, azaroaren 26an, bertan behera utzi zuen proba aldiaren etenaldia.

Ekainaren 11ko leherketa

BERRIAk kaleratu zuen moduan, Zubietako erraustegiaren transformadore nagusian leherketa bat izan zen iazko ekainaren 11n. Hain zuzen ere, eta Gardentasun Legea baliatuz, horri buruzko informazioa eskatu zion GuraSOSek GHKri, kazeta honek kaleratutako artikuluak oinarri hartuta. GHK-k aitortu zuen egun hartan istripu bat gertatu zela, “tiro moduko” bat egon zela, eta ondoren, sugarrak izan zirela. Transformadore nagusian hainbat kalte izan zirela ere onartu zuen. GuraSOSek adierazi du transformadorea eraiki eta martxan jarri zela Jaurlaritzaren Industria Sailak eman beharrezko baimenak eduki gabe.

Guraso plataformak adierazi du, irregulartasun eta kontraesan horiek guztiak ikusita, Industria Sailak ere argibideak eskatu dizkiela enpresei eta Ingurumen Sailari. Horrekin batera, zigor txostena ere zabaldu die enpresei gertaera horiengatik.

GuraSOSek gaineratu du hainbat bide erabiliko dituela erraustegia bertan behera uzteko: juridikoa, diplomatikoa eta mobilizazioa. Hurrengo egunetan ekinbide gehiagoren berri emango dutela azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.