Ohar bidez, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak adierazi du "bizikidetzaren, demokraziaren eta bakearen aro berria" zabaltzen ari dela Euskal Herrian, eta "etorkizun hobe bat" erakitzeko eta "epe luzerako elkarbizitzan" aurrera egiteko beharrezko dela "iraganeko korapiloak" askatzea. Horien artean sartu dute "euskal preso, iheslari eta deportatuek bizi duten salbuespen egoera behingoz amaitzea" ere, lehentasunezko gaia delakoan.
Hala, Gure Esku Dago-k ere dei egin die herritarrei Orain Presoak dinamikak antolatutako manifestaziora joateko.
Dagoeneko sindikatu nagusi guztiek adierazi diote atxikimendua: ELAk, LABek, CCOOk, UGTk, Steilas, ESK-k, EHNEk, Hiruk eta Etxaldek. EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek, Geroa Baik, EH Baik eta EELVk ere baieztatu dute bertan izango direla.
Lehentasunak
17:00etan irtengo da martxa, Antiguako tuneletik. Aurrez, ordea, ekitaldi bat ere egingo dute Orain Presoak dinamikaren bultzatzaileek, "giza eskubideez, elkarbizitzaz eta bakeaz mintzatzeko". Miramar jauregian izango da hori, 16:00etan.
Ekainean sortu zuten Orain Presoak dinamika, lau lehentasun ezarrita: urruntze politika bukatzea, larriki gaixo dauden presoak artatzea, zigorren batuketa eta lehen graduen aldaketa.