Orain aste batzuk, tirabira izan zen Buesa Arena ekitaldi politiko baterako erabiltzearen harira. Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak, ordea, nabarmendu du "etorkizunari elkarrekin heltzeko" antolatu dituela hilaren 21eko ekitaldiak, eta salatu "iraganeko politikariek iraganeko jarrerei" heldu zietela: "Horrek berak, noski, nahitaezean antolakuntzari dagozkion zailtasunak sortu dizkigu guri".
Buesa Arena ezin erabilita, ez da sarrera salmentarik izango, baina kalera aterako dute pabiloian egitekoak ziren ekitaldia. Horren ordez, laguntza bonoak jarriko dituzte salgai, bost euroko salneurrian. 12:00etan, oihal kalejira egingo dute Konstituzio Plazatik Andre Mari Zuriaren plazara, eta plazan bertan 14:00etan, Arabarrok Erabaki lelopean argazi bat egingo dute. Horren ostean, kalez kale eta eguna bukatu arte, hainbat arreta gune izango dira; besteak beste, hautetsontzia eraikiko dute oihal zatiekin, eta hainbat kontzertu izango dira.
"Gure Esku Dago-k sortu zenetik erakutsi duen izaera positibo, partehartzaile, anitz eta bateratzailearekin egin die aurre lehen zailtasun horiei", azaldu du dinamikak."Eginahalak eginahal, ordea, batzuen nahi ezak eta besteen ezinak tarteko, ezin izan da korapilo hori askatu".
Hala ere, jarrera "alaiaz" ekitaldiekin bat egitera deitu dute: "Erabakitzea dugu helburu. Elkarrekin jardutea horretarako bide. Eta irribarrea, gure lagunik onena. Beraz, batzuei ahaztu zaienez, ekainaren 21ean erakutsi dezagun Araban ere erabaki egin nahi dugula".