Gure Esku-k agerraldia egin du Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean, alderdiei eskaera zehatza egiteko: datorren legealdia izan dadila erabakitzeko eskubidea legeztatuko duena. Horretarako, erreferendumaren tresna erabiltzeko aukera nahi dute Gure Esku-ko kideek, Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu bozeramaileek azaldu dutenez: «Erreferendumaren tresna behar dugu hemen eta herritarrok erabakitzeko, estatus politikoaz nahiz gai guztien inguruan».
Gure Esku-ren ustez, alarma egoeraren kudeaketak agerian utzi du EAEko autogobernua «ahula» dela: «Estatuek neurri zentralizatzaileak ezartzeko erabili dute krisia; eta, horrela, egoera larrienei erantzuteko egokienak gobernu zentralak direla sinetsarazi nahi izan digute». Tokiko neurriak nahiago ditu Gure Esku-k: «Erabakiak herritarrongandik zenbat eta gertuago hartu, eta, batez ere, herritarron zenbat eta parte hartze handiagoa ahalbidetu, gure bizitzetara hobeto egokitzen dira». Horretarako, «gobernantza eredu demokratikoago baterantz» urratsak egin behar dira, Gure Esku-ren ustez.
Herritarren inplikazioa beharrezkotzat ikusten du Gure Esku-k, bide horretan, eta erabakitzeko tresnak eskatu dizkie alderdiei: «Estatus politiko berri bat behar dugu, erabakitzeko eskubidea izango duena ardatz, eta herritarrok prozesuaren oinarri». «Estatus juridiko-politikoa erreferendum bidez erabakitzeko aukera» bildu beharko luke «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gai honen inguruan adostu beharreko proposamenak». Gure Esku-k uste du, gainera, «akats larria» litzatekeela «aukera historiko» hori galtzea: «Alderdiek ezin diete bizkarra eman herritarren gehiengoaren nahiari, ezta beraien boz emaileei ere». Ordezkari politikoek «gizarteari entzun» behar diote, eta «erabakitzeko eskubidearen alde dagoen adostasun zabala lege bihurtzea dagokie», Gure Esku-ren arabera.
Bilera sorta udazkenean
Erreferendumaren eta erabakitzeko eskubidearen bidean, bilera sail bat eginen dute Gure Esku-ko kideek alderdi politikoekin heldu den udazkenean, eta gonbita egin diete orain arte erantzunik eman ez dieten haiei ere. Martxoan abiatu zuten sinadura bilketari ere berrekinen diote udazkenean, Hamaika Gara egitasmoko eragileekin elkarlanean: «Gu, herritarrok, bidea egiteko prest gauden moduan, gure artean eskua luzatuz, elkartuz, eta antolatuz, ordezkari politikoei ere eskatzen diegu arduraz jokatu eta posible egin dezatela erabakitzeko eskubidea legeztatzeko legealdia izatea udazkenean abiatuko dutena».