Erabakitzeko eskubidea

Gure Eskuk mobilizazioa egingo du uztailaren 3an Bilbon

Mobilizazio «kultural eta politikoa» izango da. Mobilizazioaz gain, hainbat egitasmo abiatu dituzte Hamaika Gara kanpainaren barruan.

Maialen Arteaga.
2021eko maiatzaren 14a
13:49
Entzun

Hamaika Gara kanpainaren barruan, Gure Esku plataformak mobilizazioa egingo du Bilbon, uztailaren 3an. Areatza plazan izango dela jakinarazi dute, udaletxetik hasi eta Arriaga zubiraino. Kanpainaren nondik norakoak azaldu dituzte gaur goizean Bilbon, hainbat eragilerekin batera egindako agerraldian; besteak beste, pentsionistak eta AEK-ko kideak izan dira bertan. Mobilizazio «kultural eta politikoa» izango dela azaldu du plataformak, eta pertsona «esanguratsuek» hartuko dutela parte.

Uztaileko mobilizazioaz gain, beste egitasmo batzuen berri eman dute: erreferendumaren aldeko sinadura bilketarekin «aktiboki» jarraitzeko deia luzatu dute, eta, atxikimendua publikoki adierazteko, kanpainaren eskumuturrekoa janztera animatu dituzte herritarrak, «ekimenari ikusgaitasuna emateko eta finantzaketan laguntzeko». 11.000 sinadura baino gehiago dituzte dagoeneko, baina haratago joan nahi du plataformak. Ahalik eta sinadura gehien lortzeko, «hamaika sinaduren erronka» jarri dute martxan, norbanako bakoitza 11 sinadura lortzera bultzatuz. «Sinadura bilketa hau masibo bilakatzea gure esku dago. Zenbat lortuko genituzke gutako bakoitzak beste 11 lortuko bagenitu?», galdetu du Amalur Alvarez Gure Esku Dago plataformako bozeramaileak. Mobilizazio eguneko osasun neurriak egokitzeko eta kanpainako gastuei aurre egiteko, «konpromiso txartela» jarri dute eskuragarri bost euroren truke. Mobilizazio nagusiari begira, aurreratu dute maiatzaren 22an herri eta eskualdeetan ekintzak egingo dituztela.

Hamaika arrazoi

Egitasmoa talde immunitatea eskuratu den garaian irudikatzen dutela azaldu dute, eta uste dute pandemiak areagotutako krisiak burujabetzaren auzia lehen lerrora ekarri duela: «Bizitakoaren ostean burujabetzan sakontzea hil ala bizikoa dela argi dugu. Krisiek ez dituzte aukerak zabaltzen, baina gure erabaki burujabeek bai. Indarrak biltzen ari gara krisi honetatik burujabeago irten gaitezen», adierazi du Alvarezek. Uste dute azken hilabeteetan «autogobernuaren» gaitasun eza agerian geratu dela: «Alarma egoeraren amaierarekin gertatu dena paradigmatikoa izan da. Autogobernu esaten dioten horrek ez du gaitasunik osasun krisirako beharrezko neurriak hartzeko. Autogobernua hau bada, onar dezagun zintzotasunez ez dela nahikoa». Egoera horren aurrean «erabakitzeko tresnak herritarron eskura» utzi behar direla esan du Alvarezek: «Krisia kudeatzeko eta hemendik nola irtengo garen erabakitzeko, unean uneko lehentasunek zerikusi handia baitute etorkizuneko erronkekin». Aurreratu dute sinadurak bildu ostean instituzioetara joko dutela, proiektua gauzatzeko: «Instituzioen egitekoa da herritarron borondatea arautzea eta bide ematea. Sinadura bilketak babes masiboa lortzen badu, tamainako erantzuna eman beharko dute erakundeek», argitu du Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak.

Pentsionistek ere bat egin dute egitasmoarekin. «Guretzako oso garrantzitsua da Hamaika Gara bultzatzen ari dena. Euskal Herrian populazioaren %25 gara pentsionistak. Herrietan, eskualdeetan eta Euskal Herrian erabakiak hartu ahal izatea oso garrantzitsua da», azaldu du Jon Fano Gaur Geroa pentsionisten elkarteko bozeramaileak. Azaldu du pentsionistek astelehenero egiten duten mobilizazioaren ostean erreferendumaren aldeko manifestua sinatzera joango direla, Gure Eskuk Bilboko zazpi kaleetan ireki duen egoitzara (Somera kalea, 8).

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.