Aseguru etxekoak gaur arratsaldean joango dira atzo suak guztiz kiskali zituen Gure Irratiaren estudioetara. Etxelekuk dio haiek esango dutela kalteak zenbaterainokoak diren, eta haiek zehaztuko dutela noizko egongo den berriz ere prest atzo suak hartutako egoitza. Bien bitartean Udalak utzitako egoitzatik emitituko dute, ahal bada astelehenetik bertatik.
Gure Irratiak Uztaritzen ditu estudioak. Atzo iluntzean, 21:00ak aldera, aparailu teknikoak zeuden bulegoan sua piztu zen, eta gela hartatik alboko bulegoetara hedatu zen sua. Kalte material handiak eragin ditu suteak. Uztaritze eta Kanboko su-hiltzaileak amatatze lanetan ibili ziren arren, ezer gutxi libratuko da aurten irekitako estudio berrietatik. Aparailu eta material erosi berri guztiak, su artean geratu ziren atzo.
Suhiltzaileek uste dute zirkuitu-eten batek sortu zuela sua. Izan ere, sabaia konpontzen aritu dira, eta langileek zuloren bat ondo itxi gabe utzi, eta handik sartutako urarekin zirkuitu-etena sortu zitekeela diote.
1983an sortu zen euskara hutsean aritzen den Gure Irratia. Gaur egun hamar langile ditu. Baionan zituen lehen estudioak. Aurten kanpaina indartsu eta entzutetsu baten ondoren dirua batu ostean, egoitza berria ireki zuten Uztaritzen. Hala eta guztiz ere, bulego bat badute Baionan.
Hedabideak
Gure Irratiak kanpaina abiatuko du suteak sortutako triskantzari aurre egiteko
"Astelehenik aurrera berriz emititzen hastea da gure lehentasuna", halaxe azaldu dio Berria.info-ri Iñaki Etxeleku Gure Irratiko ordezkariak. Suak kiskali egin zien atzo irratiko egoitza, eta handik ezin da emititu. Uztaritzeko Udalak lokala utzi die, eta astelehenerako lokal hori egokitzen saiatuko dira. Horretarako "sostengua" behar dutela dio Etxelekuk, eta horregatik, kanpaina abiatuko dutela azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu