Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Jose Iribasekin egindako bileran izan zen, atzo, Maite Aldaz. Sakanako Euskara Mankomunitateko burua da, eta Euskarabideko Jarraipen Batzordeko bertze udal ordezkariek duten kezka berak hartu du egunotan. Hizkuntza politika serioa egin ahal izateko bide zuzena lankidetza hitzarmena dela azpimarratu du.
Bere kabuz erabaki du Nafarroako Gobernuak hitzarmena bertan behera uztea. Ezustean harrapatu zaituzte?
Susmoa bagenuen. Euskarabidearen Jarraipen Batzordeko aurreko bileran bota zuten diru laguntzak banatzeko deialdi ireki bat egiteko aukera. Kontua da orain batera bidali digutela deialdi hori egiteko zirriborroa eta hitzarmena bertan behera uzteko erabakia. Astebeteko epea baino ez dugu izan dena aztertzeko.
Zuen ustez, zer dago Nafarroako Gobernuak hartu duen erabakiaren atzean?
Guk uste dugu erabaki horren bidez Nafarroako Gobernuak euskara zerbitzurik ez duten udalak saritu nahi izan dituela. Eta, aldi berean, euskara zerbitzu horien lana gutxietsi nahi izan du. Diru laguntzak banatzeko martxan jarri nahi duten deialdiaren bidez hori ari dira esaten, ez dela beharrezkoa udalek euskara zerbitzua izatea. Udalen arteko lehia bultzatzen dute, gainera.
Nafarroako udal guztiek izanen dutelako diru laguntzen deialdian parte hartzeko aukera?
Bai. Baina ez dute diru saila handituko. Kontua da aurrerantzean Nafarroako Gobernuaren asmoa dela jarduerak diruz laguntzea. Guk ez dugu uste bidea hori denik.
Zein da bidea?
Hizkuntza politikak behar du plangintza. Orain arte, hain zuzen ere, hitzarmenaren bidez horixe egin dugu guk. Hitzarmen horretan parte hartu dugun 23 udalen arteko lankidetza bultzatu dugu, denon artean egin dugu plangintza, eta bakoitzak ardura bat hartu du; baina denok egin dugu lan guztiondako. Kanpaina bateratuak egin izan ditugu. Gure arteko lan horren emaitza izan dira, adibidez, Etxepare Saria, helduen euskalduntzea lortzeko kanpainak eta euskarazko katalogoa.
Hori desagertuko da lankidetza hitzarmena bertan behera utzi eta gero?
Udalen arteko lankidetza bazter utzi nahi dute, eta gure arteko lehia bultzatu.
Euskara zerbitzuen eguneroko lanean nolako eragina izan dezake hartutako erabakiak?
Nafarroako Gobernua murrizketak egiten hasi zenean, argi eta garbi esan zuen hizkuntza politika udalen ardura ere bazela. Hitzarmenaren helburua, hain zuzen ere, horixe izan da beti. Guk argi dugu plangintza bat behar dela hizkuntza politikaren esparruan, bultzatu behar dela ahalik eta udal gehienetan euskara zerbitzua izatea. Kontua da hitzarmenik gabe hainbat herritako euskara zerbitzuak kolokan geldituko direla, hitzarmen horri lotuta daudelako. Diru laguntza hori gabe, desager daitezke zerbitzuak. Irantzukoa, adibidez, desagertu egin da jada, eta beste zenbait kolokan dira.
Sakanan zein da egoera?
Guk ez dugu gure euskara zerbitzua kolokan ikusten. Haren aldeko apustu garbia egin dugu, gainera. Hiru teknikari ditugu Sakanako Mankomunitatean. Hala ere, azpimarratu nahi dugu hitzarmena egokia iruditzen zaigula, eta haren aldekoa era badela gure apustua, bide zuzena hori dela uste dugulako. Kontua da diruz hornitu egin behar dela. Orain arte, hitzarmena indarrean egon bada ere, zenbaitetan ez dute bete, ez dute banatu adostutako dirua, baina hala ere, haren alde egin dugu.
Hitzarmena gabe, udalek ere arazoak izan ditzakete euskararen aldeko lanari eusteko?
Bai. Udalen egoera ekonomikoa ere zaila da. Guk hizkuntza politika serio baten alde egin dugu, baina baliabiderik gabe zaila da lan egitea.
Zer mezu helarazi nahi diezue herritarrei?
Udalek, mankomunitateek, euskalgintzak eta herritarrek ere, denek egin behar dugula euskararen alde. Herritarren presioa behar dugu. Garai gogorra da hau.
Maite Aldaz. Sakanako Euskara Mankomunitatea
«Gure lana gutxietsi dute; ari dira esaten euskara zerbitzuak ez direla behar»
Nafarroako Gobernuak udalekin zuen hitzarmena bertan behera utzi izana kezkagarritzat jo du Maite Aldazek; Altsasuk euskararen aldeko apustua berretsi duela dio, baina kolokan ikusten du hainbat zerbitzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu