Ordiziako gaztetxean betidanik izan du monozikloa eskura Jon Lekuonak, eta gurpil bakarraren gainean orekari eutsiz ibiltzen zaletu zen. Iraupen luzeko probetan ondo ibiltzen da, eta proba horietan kirolariek jasan behar duten esfortzu psikologikoa euskal presoen senideek egiten dutenarekin alderatu nahi izan du. Horrelaxe otu zitzaion euskal presoen eskubideen alde Ordiziatik Iruñerako bidea egitea monoziklo gainean. “Senideek egin behar dituzten kilometro guztiak, nekeak, istripuak, errepideko arriskuak, eguraldia... islatzen du ekimenak”.
Larunbatean goizean goiz aterako da, eta bi herriak lortzen dituen 80 kilometroak egiteko hamar bat ordu beharko dituela aurreikusi du. Bidea luzea eta gogorra bada ere, animoak ez zaizkio faltako, une oro jendeak Twitter bidez animatu ahalko baitu. “Tarteka iruzkin batzuk eta bideoak egiten joango naiz”, azaldu du.
Ondo bidean, 19:30 inguruan iritsiko da Iruñera, eta han egingo duten manifestazioarekin bat egingo du.
Lekuonaren egitasmoa ez da Iruñera iristean amaituko, hurrengo asteetan beste euskal hiriburuetara joango baita monoziklo gainean. “Bi edo hiru astean behin horrelako bat egingo dut. Bilbo eta Maule izango dira gogorrenak. Bi edo hiru egun beharko ditut Maulera iristeko”.
Iruñera iritsitakoan indarrak berritzeko aukera izango du, Herriko Tabernan “afaritxoa” eskainiko baitiote. Hala ere, kirol alderdiaz harago, ospatzeko ezer gutxi dagoela uste du Lekuonak. “Hurrengo egunean betikoek bisitak egiteko altxatzen jarraitu beharko dute”.
Euskal Herria
Gurpil bakarreko aldarrikapena
Jon Lekuona ordiziarrak jaioterria eta Iruñea lotzen dituen 80 kilometroak beteko ditu larunbatean, monoziklo gainean. Euskal preso eta iheslarien senideek jasaten duten sufrikarioa islatu nahi du horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu