Oroitz Gurrutxaga Gogorza (Errenteria, 1981) eta Xabier Aranburu Sagarminaga (Ondarroa, 1979) ustezko etakideak Baionako polizia etxean atxikiak dituzte galdeketak egiteko. Litekeena da ondoko orduetan Parisera eramatea askatasunen epailearengana aurkezteko, baina Poliziak ez du eman horren inguruko xehetasunik. Poliziak erabaki dezake galdeketa luzatzea atxilotu dituzten tokitik hurbil edo Parisen segitzea galdetzen, epailearengana aurkeztu aitzin.
Gurrutxaga eta Aranburu Mont de Marsanetik hurbil dagoen Caunan herrian atxilotu zituzten, igandean, Landetako departamenduan (Frantzia). Frantziako poliziak arratsaldeko hirurak aldera egin zuen operazioa.Laurehun biztanle inguru ditu herriak, eta ez dirudi kasualitateak eragindako polizia operazioa izan denik. Atxilotuek nortasun agiri faltsuak eta armak zeramatzaten soinean. Poliziak ETAko aparatu militarreko burua izatea leporatzen dio Gurrutxagari, eta, ondorioz, haren etxea edo apartamentua atzemateko ikerketak egiten ari da.
Izan ere, poliziak ez du xehetasunik zabaldu egindako operazioaren inguruan. Espainia eta Frantziako polizien elkarlanaren fruitua izan da atxiloketa, eta, ondorioz, atxilotuek gorde dezaketen informazioa atzematea bilatzen du poliziak. Hori da nagusiki Baionan atxikitzeko arrazoia. Ondoko oren edo egunetan informazio gehiago atzematea ez badute lortzen, Parisera eramatea erabakiko dute poliziek.
Bat-bateko elkarretaratzea
Atxiloketen berri ukan bezain laster, hainbat lagun hurbildu ziren Baionako polizia etxeko atarira, atxiloketak salatzera. Nehork ez zuen elkarretaratzea iragarri, bainainformazioa zabaldu ahala, dozenaka pertsona bildu ziren. Ezker abertzaleak ere gaitzetsi du polizia operazioa, eta Espainia eta Frantziako gobernuei gatazka konpontzeko elkarrizketak hasteko eskatu die. François Hollandek Frantziako presidentetza hartu duenetik egiten den lehen operazioa izan da igandekoa. Gaur biltzekoak dira Espainia eta Frantziako Barne ministroak.
Gurrutxaga eta Aranburu Baionako polizia etxean atxikita dauzkate
Baliteke ondoko orduetan Parisera eramatea, baina Poliziak ez du horren inguruko informaziorik zabaldu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu