Gurutz Agirresarobe eta Aitziber Ezkerra atxilotu ditu bart goizaldean Ertzaintzak Hernanin (Gipuzkoa), ETArekin harremana izatea leporatuta. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fermando Grande-Marlaska epailea ari da sarekada gidatzen, eta 2003ko otsailaren 8an gertatutako Joseba Pagazaurtunduaren hilketarekin zerikusia izatea egozten diete atxilotu biei. Zehazki, Pagazaurtundua Andoaingo (Gipuzkoa) udaltzainburua Agirresaborek tirokatu zuela diote polizia iturriek.
Hain zuzen ere, hipotesi hori indartu du Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak operazioari buruz eman duen prentsaurrekoan. Aresek adierazi du aztarna guztien arabera, Agirresarobek tirokatu zuela Pagazaurtundua. Ezkerrari, berriz, laguntzaile izatea egotzi dio. Era berean, biek ETAko kide legal izaten jarraitzen zutela ziurtatu du Aresek, "lozorroan" zeudela "dei bat jasotzeko zain". Pagazaurtunduaren kontrako atentatua ez ezik, beste bat ere aipatu du Aresek: Manuel Gimenez Abad Aragoiko PPko lehendakari zenaren kontrakoa. Izan ere, tiroketa bietan ETAk pistola bera erabili zuela agertu du Aresek, eta ikertzen ari direla Agirresarobek beste hilketa horrekin zerikusirik izan zuen.
AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azaldu duenez, goizeko lauak inguruan gertatu dira atxiloketak, eta atea lehergailuekin botata sartu dira ertzainak Agirresaroberen zein Ezkerraren etxeetara, eta bideokamerekin guztia grabatzen jardun dute. Bi lagun horien bikotekideak etxetik aterarazi dituzte, eta gero hainbat orduz aritu dira etxeak miatzen.
Goizeko bederatziak inguruan amaitu dute Ezkerraren etxeko miaketa, eta ertzainek atera dutenean hainbat lagun zituen zain eta oihuka hartu dute. Atxilotua autora sartu dutenean lagun horietako batzuk ibilgailua kolpatu dutela azpimarratu dute polizia iturriek. Atxilotuen etxebizitzak ez ezik, pare bat loja miatu behar zituzten Hernanin, eta, halaber, ez dute baztertu atxiloketa gehiago egitea.
Ezkerra atxilotu zuten lehenago ere, 2003ko urrian, ustez Ibon Fernandez Iradi Susper-i atzemandako paperetan ageri zelakoan. Libre utzi zuten gero. Garai hartan dozenaka gazte atxilotu zituzten ustez Fernandez Iradiri atzemandako agiri horietan oinarrituta.
Atxiloketak
Gurutz Agirresarobe eta Aitziber Ezkerra atxilotu ditu Ertzaintzak Hernanin
Aministiaren Aldeko Mugimenduak salatu duenez, ateak lehergailuekin botata sartu dira ertzainak atxilotuen etxeetara. ETArekin zerikusia izatea egotzi die Ares Herrizaingo sailburuak, zehazki, 2003ko otsailean gertatutako Joseba Pagazaurtunduaren hilketarekin. Ezkerra 2003ko urrian ere atxilotu zuten, baina aske zegoen 2005etik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu