Espainiako Auzitegi Nazionalak Gurutz Agirresaroberi 32 urteko espetxe zigorra jarri dio, 2003ko otsailaren 8an Joseba Pagazaurtundua Andoaingo udaltzainburua hil zuela egotzita. ETAk hil zuen hura —martxoan hartu zuen bere gain—, Andoaingo taberna batean tiroz, eta Agirresarobek epaiketan ukatu egin zuen atentatuan parte hartu zuela.
Dena dela, Efe berri agentziak dioenez, auzitegiaren epaiak ez dio egotzi ETAko kide izatea, "ezin baita frogatu". Absolbitu egin du akusazio horretatik. Auzitegi Nazionalak esaten du Agirresarobe ENAMeko kidea dela eta "ETAren aginduak jarraituz" hilketa prestatu zuela. Hilketa delitua eta armak edukitzea leporatu dio auzitegiak.
Epaiak dio "bi kasualitatek" lotzen dutela ETArekin: Beñat Aginagalde ustezko etakidearen errugbiko talde berean jokatu zuela eta Aitziber Ezkerra atxilotu ohiaren bikotekidea izan zela.
"Nik ez nuen hil; sekula ez dut armarik hartu eskuetan", esan du zuen auzipetuak epaiketan joan den azaroan. "Errugabe bat zigortuko duzue". Fiskalak, akusazio partikularrak eta defentsak egindako galdera guztiei erantzun zien.
Fernando Grande-Marlaska epaileak aginduta, iazko abuztuan atxilotu zuten, etxean, eta preso daukate harrezkero. Epailearen autoaren arabera, DNA aztarnek lotzen dute Agirresarobe Pagazaurtunduaren hilketarekin. 2003ko otsailaren 8an, Ertzaintzak "DNA perfil nahikoa" lortu zuen hiltzaileak hartuko kafesnearen kikaratik. Autoaren arabera, Agirresaroberen inguruko ikerketak 2009an Beñat Aginagalde atxilotu ondoren hasi ziren, "errugbi talde bereko kideak" zirelako. Ertzaintzak 2010eko maiatzaren 26an hartu zuen Agirresaroberen aztarna bat, Irungo taberna bateko botila batean, eta "honen DNA perfila bat etorri da Joseba Pagazaurtunduaren atentatuaren tokian hartutakoarekin". Auzitegi Nazionalak baleko eman du froga hori.
Fiskalak 48 urteko espetxea eskatu zuen. Defentsak, absoluzioa.
Epaitegiak Pagazaurtunduaren alargunari 500.000 euro eta seme bakoitzari 200.000 euro ordaintzera behartu du Agirresarobe.