Lau egunen ostean, amaitu da Euskal Encounter topaketa. "Gustura eta harro" agertu da Sabino San Vicente koordinatzailea topaketaren 21. edizioa amaitu ostean, eta arrakasta hori, "hein handi batean, boluntarioz eta profesionalez osatutako talde baten lanaren ondorio" da. Antolatzaileen arabera, 6.000 pertsona gerturatu dira azken lau egunotan Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokara; 4.096 ordenagailu elkartu dira. Parte hartzaileen arteko datuen joan etorria 2.5 milioi gigatik gorakoa izan dela nabarmendu dute, eta adibide bat jarri dute hori irudikatzeko: "1.000 gigako disko gogorrak beteko balira, 12 metroko kontainer bat beharko litzateke horiek gordetzeko". Segundoko 20 gigako konexio abiadurarekin "munduko party bizkorrena" izan da aurtengo Euskal Encounterra.
Larunbat gauean HiCookie taiwandarrak mundu marka lortu zuen overclocking modalitatean (uneko bideoa, hemen), eta horrek zapore are hobea uzi die antolatzaileei. Ordenagailuen errendimendua hobetzea bilatzen du overclocking -ak, eta HiCookiek egin zuen probaren funtsa pi zenbakian oinarritutako milioi bat kalkulu matematiko egitea zen. Ordenagailua zero azpitik 130 gradutan jarri behar izan zuen egonkor mantendu eta prozesadorearen gehiegizko jarduerak ez zezan makina erre. Momentu oro bere makina izozteko edo sistema bertan behera geratzeko arriskua gainean zuela, eta hainbat saiakeretan huts egin ondoren, 5,453 milareneko denbora lortu zuen —lehendik zeukan errekorra baino 47 milaren gutxiago, hain zuzen—.
San Vicentek azpimarratu duenez, publikoari irekitako erremu Opengunera "milaka" pertsona gerturatu dira egunotan, erakusmahaiak ikus eta hitzaldi zein tailerretan parte hartzeko. Euskal Encounterrek "apustu berezia" egin du gune horretako eskaintza indartuz, eta ahalegin horrek emaitzetan isla izan duela adierazi du San Vicentek.