Arnaldo Otegik ama gogoan gutun bat bidali du BERRIAra. Gaur argitaratu da papereko edizioan. Duela bi aste zendu zen, eta Mendaroko erietxean zela, Otegik ordubeteko bisita egin zion, Espainiako Espetxe Zuzendaritzak hala baimenduta.
"Agur ama maitea: Beti pentsa arazi izan dit gure Jon Idigoras ahaztezinak nola afanez esaten zuen bera Joanita Gerrikabeitiaren semea zela. Egiazki uste dut jarrera horrekin gure Jonek bere ama omendu nahi zuela, Herriak eskaini zizkion txalo, gorespen eta esker on guztiak beretzat baino gehiago zirela bere amarentzat eta familiarentzat".
Hala hasten da Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak ama hil berriari eskainitako gutun irekia. Amak Duesoko espetxera eginiko bisita baten pasarte bat gogoratu du Otegik gutunean, eta baita agurtzeko, erietxean egin zion bisita ere: "Oso gogorra izan da, tristea baina baita ahaztezina ere". "Mina, sumina eta ezintasuna" sentitzen duela aitortu du Otegik, baina azaldu "munduko minik zolienak ere" ez diola "adimena lainotuko".