Bagoaz kolektiboak gutuna bidali dio Frantziako Justizia ministro Christiane Taubirari, Lorentxa Gimon euskal presoaren egoera salatu eta hura baldintzapean aske uzteko exijituz. Joan den astean ohartarazi zuen Bagoaz kolektiboak euskal presoaren egoera "oso larria" zela.
Gimon erietxean da hilaren 14az geroztik; baina hura baldintzapean aske uzteko eskaera ez dute urtarrilaren 14a arte berrikusiko. Horren aurrean, "pertsona baten bizitza jokoan" dagoela ohartarazi diote Taubirari, eta "burugogorkeria politiko" onartezintzat jo dute, azaroan epaitegiak huz baldintzapean aske uztea onartu ostean, Fiskaltzak erabakiaren kontra egin izana.
Eri diren presoez arduratzen den Jaiki Hadi elkartearen txostenaren arabera, «gaitzaldi aski latza» pairatzen ari da, eta gaur egun ez dago sendatuko duen tratamendurik. 2003an atxilotu zuten Gimon, eta gaur egun Bretainiako Roazhongo (Rennes) presondegian dago. 2014tik baldintzapean askatzea eskatzeko aukera du, eta hala egin zuen urte hasieran Maritxu Paulus-Basurko abokatuak, Gimonek pairatzen duen osasun egoera azpimarraturik.