EB Ezker Batuko hautagai Javier Madrazok gaur Bilbon konpromisoa hartu du Espainiako Gobernuari gutxieneko soldataren eta pentsioen gaineko bi exijentzia hauek egiteko: gutxieneko soldata 1.100 eurora igotzea eta pentsioak kopuru horretara egokitzea. Aurten 624 eurotan dago finkatuta SMI Lanbidearteko Gutxieneko Soldata.
"[Espainiako Gobernuko presidente] Zapaterok erantzukizun hori bere gain hartzen ez duen bitartean, guk defendatu egingo dugu Eusko Jaurlaritza izan dadila pentsioak 1.100 euroko kopurura igotzeko osagarriak jartzen dituena, gero diru alde hori urteroko kupotik kentzeko".
Madrazok hirugarren adinekoentzako bereziki egin du gaur goizeko ekitaldia. Gizarte sektore hori Euskal Autonomia Erkidegoko populazioaren %18,7 da dagoeneko, alegia, 403.000 lagun.
EBko hautagaiari jarraiki, bere beste lehentasunetako bat emakumezko alargunen ingurukoa izango da: alargundutako emakumeek jaso ahal izatea haien senarrek hil aurretik jasotzen zuten soldataren edota pentsioaren oinarri arautzailearen %100. Neurri horrek, indarrean jartzekotan, EAEko 125.000 emakumeri eragingo lioke; egun senarra zenaren oinarri arautzailearen %52 jasotzen dute.
Gutxieneko soldata 1.100 eurora igotzeko eta pentsioak ere halakoak izateko exijitu du Madrazok
Espainiak erantzukizun hori bere gain hartzen ez duen bitartean, Eusko Jaurlaritzak erabaki hori hartu behar duela esan du EBko hautagaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu