ELA, LAB, Steilas CCOO eta UGT sindikatuek grebara deitu dute biharko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzan, eta deialdiarekin bat egin dute hezkuntza arloko azpikontratek ere. Hezkuntza arloko azpikontratetan ordezkaritza dute ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek, eta haiek egin dute deialdia; garbiketa zerbitzuari, jantokiei eta garraioari eragingo die.
Gaur argitaratu du Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezartzeko agindua, eta aurreko grebetan baino handiagoak dira. Horren arabera, grebara atxikitako ikastetxe edo eraikin bakoitzean pertsona hauek egon beharko dute: zuzendaritzako kide batek, mendekoen kidegoko langile batek goizean eta beste batek arratsaldean eta COVID-19aren koordinatzaileak.
Horiez gain, «babesa eta segurtasuna bermatzeko» beste hainbat gutxieneko zerbitzu ere ezarri dituzte. Etapa bakoitzeko irakasle batek joan beharko du ikastetxera, eta haur eskoletan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, etapa bakoitzean ehun ikasletik gora matrikulatuta daudenean, bi irakasle gehiago jarriko dituzte etapako. 200 ikasletik gora direnenean, beste bi, eta horrela jokatuko dute ehun ikasle gehiago dauden bakoitzean. Hezkuntza bereziko ikastetxeetan eta hezkuntza bereziko gela egonkorretan, gutxieneko zerbitzuak %75ekoak izango dira.
Ikastetxeek eskaintzen dituzte gainerako zerbitzuei dagokienez, garbiketako langileen %100 bertaratzea «ezinbestekoa» izango da, Jaurlaritzak argitaratu duen arauaren arabera. Jantoki zerbitzua ere bermatuta egongo da. Horretarako, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dituzte: sukaldeko langileen %10 —hori pertsona bat baino gutxiago denean, pertsona horrek egin beharko du lan—; begirale bat 2 urteko bederatzi jankideko; begirale bat 3 urteko hamabost jankideko; 4 eta 5 urteko haurren kasuan, ikastetxeko begiraleen %10 —hori pertsona bat baino gutxiago denean, pertsona horrek egin beharko du lan—; eta behar bereziak dituzten ikasleentzat «elikadura beharrak asetzeko» behar den gutxieneko begirale kopurua.
Segurtasuna bermatzeko «aitzakia»
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuen iritziz, ezarritako gutxieneko zerbitzuak ikusita, «greba eskubidearen urraketa larri bat» dela uste dute, eta azpimarratu dute aztertzen ari direla gutxieneko zerbitzuen agindua epaitegietara eramatea. «Orain arteko grebetan ezarritako gutxieneko zerbitzuen irizpideak erabat aldatu ditu, eta osasuna bermatzeko aitzakiapean, inoiz baino gutxieneko zerbitzu altuagoak ezarri ditu». Horrela definitu dituzte ohar batean Jaurlaritzak biharko grebarako ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak. Sindikatuek kritikatu dute, hain zuzen, egunerokoan langileen eta ikasleen osasuna bermatzeko neurriak eta baliabideak jartzen ez dituzten bitartean, zenbait kolektibotan –garbitzaileenean, esaterako– %100eko gutxieneko zerbitzuak edukitzea; beste kolektibo batzuetan, berriz, protokoloetan ezarritako neurriak betetzea ezinezko egiten duten gutxieneko zerbitzuak jarri dituzte, sindikatuen esanetan.
Sindikatuek nabarmendu dute gutxieneko zerbitzu horiek «inoiz baino handiagoak» direla, eta Jaurlaritzaren jarrera salatu dute: «Hezkuntza Sailaren kudeaketa tamalgarria eta izandako utzikeria ezkutatuz, mobilizazioa ikusezin egiteko eta greba desaktibatzeko saiakera bat da».