Urriko azken astelehena Gernikan

Gutxieneko zerbitzuei lotuta

Bizkaibusen mugagabeko grebaren hasierarekin bat egin du Gernika-Lumoko urriko azken asteleheneko azokak. Udalak ehun mila bisitari izango zirela aurreikusi zuen, baina 80.000 inguratu dira urteroko ekitaldi nagusira. (Bideoa: 'Busturialdeko Hitza'). [Youtube]http://youtu.be/YdeMpDlsnwk[/Youtube]

Lander Muñagorri Garmendia.
2014ko urriaren 27a
12:31
Entzun

Begirada guztiak bereganatuak zituen Bizkaibusek atzo, urriko azken astelehenean. Greba mugagabea hasi baitzuten. Noiz eta Gernika-Lumon (Bizkaia) urteko egun eta azokarik handiena zenean. Lanuzteak azokarekin bat egiteak eragina izango ote zuen beldurra zeukaten saltzaile askok, eta hala izan zen. Bisitari kopuruaren aldetik bai behintzat. Udalak ehun mila pertsona batuko ziren kalkulua egin zuen, baina ez ziren zenbaki horretara iritsi: 80.000 bisitari izan ziren atzo Gernika-Lumoko kaleetan, joan den urtean baino 20.000 gehiago —iaz 60.000 bildu ziren—. «Iazko urtearekin konparatzerik ez dago, eguraldi oso txarra egin baitzuen orduan». Iaz baino jende gehiago sumatu zuen Javier Tejedo Zornotzako (Bizkaia) erroskilagileak, baina ohi baino gutxiago. «Ni ez naiz jabetu greba egon bazegoenik ere, baina zerbaitek eragina izan duela garbi dago, hori bai».

Lotura hori erraztasun handiagoarekin egin zuen Maribi Lauzirikak. «Ni bezala Gernikara nola etorri ez duen jende asko etxean geratu da, badaezpada». Eako (Bizkaia) Natxitua auzoan hartzen du berak autobusa, eta atzo «astelehen normal batean baino jende gutxiago» sumatu zuen autobusean. Beldur horren eraginez, Gernika-Lumorako joan-etorria ziurtatuta ez zeukatelako. «Nik ere beldur puntu bat banuen, piketeen eraginez agian autobusen bat etorri gabe geratuko ote zen, baina goizean goiz etorri naiz, hala ere». Hori zioen bitartean, erlojuari begira zegoen behin eta berriro, autobusa minutu batzuk berandu zetorrelako. Ondoan zuen Espe Aranguenari esaten zion agian autobusari irteten ere ez ziotela utzi.

Iritsi zen, hala ere, autobusa. Espero baino zertxobait beranduago iritsi ere. Tantaz tanta, Bizkaibusen gutxieneko zerbitzuek zehazten zuten ordutegiaren arabera. «Gu goizeko autobusean etorri gara, normalean etortzen garen baino lehenago», zioen Aranguenak. Baina beste aukerarik ez zeukaten: goizeko bederatziak inguruan Gernika-Lumorako autobusa hartu edo etxean geratu. «Astelehenero etortzen gara gu hona; beraz, gaurko [atzoko] egunean etorri beharra zegoen». Azokan egindako erosketen poltsarekin etxerako buelta egiteko prest zegoen.

Inoiz baino goizago

Bizkaibusen grebak bisitari kopuruari eragiteaz gain, horien ordutegiari ere eragin zion atzo. Hala sumatu zuen, behinik behin, Felix Urrutiak bere postuan. Ajangizko (Bizkaia) Mendieta baserritik ekarritako ortuko produktuak zeuzkan, eta horiek saltzen eguerdia igaro ostean hasi zen. Hona hemen haren hitzak: «Goizean goiz etortzen direnak, normalean, adineko pertsonak izaten dira, baserritarrak edo ortua daukatenak. Horiek beti etortzen dira galdezka batari eta besteari buruz, baina erosi gutxi egiten dute», zioen. Aurten, baina, ohi baino goizago sumatu ditu goizeko bisitari horiek. Eta horretan Bizkaibusen ezarrita zeuden gutxieneko zerbitzuek eragina izan zutela iruditu zitzaion. «Autobusean etorri diren horiek ez dira ohiko orduetan etorri; beraz, eraginik izan du, bai».

Baina Urrutiak salmentetarako jarri zuen atzo bere postua, eta horiek beranduago iritsi ohi zaizkiola nabarmendu zuen. «Bai, eguerdia igaro ondoren hasten da jendea orokorrean erosketak egiteko animatzen». Hori zioen bitartean, indaba gorri eske inguratu zitzaion erosle bat, esandakoari jaramon egin izan balio bezala. Ordura arte izandako salmentekin gustura zegoen Urrutia, Arño Goñi Arrosako (Nafarroa Beherea) artzaina bezala. Salmenta postua jarria zuen, eta ordura arte saldutakoarekin konforme zegoen: «Hemen, Hegoaldean, gazta erostea gustatzen zaizue, beraz, oraingoz salmentak ongi doaz». Aitortu zuen era horretan Gernika-Lumotik etxera arteko bidea errazago egingo zuela. Lourdes Etxebarria Berriatuko (Bizkaia) Labegur okindegiko saltzailea ere gustura zegoen salmentekin: «Halako egunetan jendeak oso gustura erosten ditu artisau ogi eta euskal pastelak».

Hala ere, atzoko egunean dena ez zen salmenta izan. Soroa lantzeko makinak saltzen dituen Hobby Lur enpresako Javier Elejagak aitortu baitzuen eurak ez direla salmentagatik inguratzen urriko azken astelehenean. «Gaur egun, azoketan ez da ezer saltzen, baina era berean hemen egon beharra daukagu, bezeroengandik hurbil». Aurrez aurreko tratuen garrantzia nabarmendu zuen, eta eurak hor egotea horrela arrazoitu.

Gazta erdia, 7.500 euroan

Salmenta postuetatik gertu, Merkurio plaza Gernika-Lumoko arreta gune bihurtu zen. Beste behin ere, fruta, barazki, txakolin, ezti eta gazta onenen sariak eman baitzituzten bertan. Ohi baino beranduago, gainera. Sebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariak ordubeteko atzerapenarekin hasi ziren kantuan, eta horrek ondorengo sari banaketa atzeratzea eragin zuen. Gaztetan, Agiñagako (Araba) Larrabe gaztandegiak jaso zuen sari nagusia, eta modu berezian jaso ere. Jose Ramon Martinez de Elejalde artzainak maiatzean hil zen Luis Katarain artzainaren anaiaren eskutik jaso baitzuen sari nagusia. 87 urterekin hil zen Idiazabalgo artzaina, eta XIX. mendeko artzaintza ordezkatzen zuelako egin zioten omenaldia atzo. Martinez de Elejaldek ohore handiz hartu zuen saria haren anaiaren eskutik: «Ohore handia da, gure ofizioari omenaldia egiten zaiolako horrela».

Beste era bateko omenaldia etorri zen ondoren: enkantea. Sari nagusia irabazi zuen gazta erdia 7.500 euro ordaindu zuen Bilboko Mendata Berria jatetxeak. Bigarren urtez erosi du, gainera. Gazta erdiarengatik nork zenbat ordaindu lehian aritu ziren ostalaritzako hainbat ordezkari, eta hasieratik estua izan zen norgehiagoka. 5.000 euroan hasi zen enkantea, eta Gernika-Lumon gazta erdi bategatik ordaindu den errekorretik gertu geratu zen atzoko marka: 2010ean 7.700 euro ordaindu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.