Iraken inbasioaren ondorenak

Gutxienez 15 lagun hil dira bi polizia etxeren aurkako erasoetan, Bagdadetik iparraldera

Erresistentziaren erasoek ez dute etenik Iraken. Gaur goizean, hamabost lagun hil dira, gutxienez, Bagdadetik iparraldera dauden bi herritako poliza etxeei egin dizkieten erasoetan. Horrez gain, garraiorako hegazkin zibil bat misilekin jo dute. Nolanahi ere, lurrartzeko aukera izan du hegazkinak, eta barruan zihoazen hiru lagunak onik atera dira.

2003ko azaroaren 22a
13:20
Entzun
Khan Bani Saaden —Bagdad hiriburutik 50 bat kilometro ipar-ekialdera dago— sei polizia eta hiru zibil hil dira, hango polizia etxearen atarian jarritako bonba-auto baten eztandak harrapatuta. Halaber, jende askori zauriak eragin dizkio leherketak, eta herri hartako erietxea gainezka dago.

Handik hamabost ba kilometro iparraldera, Bakuban, beste auto-bonba bat lehertarazi dute; han ere, polizia etxearen atarian. Eztanda horrek sei lagun hil ditu eta dozenaka zauritu. Bakubako erietxean Khan Bani Saadetik eramandako zaurituak ari ziren artatzen, eta bertan atentatua gertatu denean, gainez egin du hango ospitalak ere.

Horrez gain, Bagdadetik Bahrainera zihoan garraio hegazkin zibil bati —Alemaniako enpresa batena da— misilez egin diote eraso. Misiletako batek jo egin du, eta hegaletako batean sua piztu da. Hala ere, Bagadadeko aireportuan lurrartzea lortu du hegazkineko pilotuak. Zehazki, hiru lagun zihoazen hegazkinaren barruan: pilotua eta eskifaiako beste bi lagun. Hirurak onik atera dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.