"Bizitegi bazterketa larrian dauden pertsonen" inguruko ikerketa egin dute, bigarren aldiz —2012an egin zuten aurrekoa, hiriburuetan—, Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Hamar udalerritan egin zuten zenbaketa urriaren 29ko gauean: Bilbon, Donostian, Gasteizen, Barakaldon, Getxon, Portugaleten, Santurtzin, Sestaon, Ludion eta Irunen —biztanleen %53 bizi dira udalerri horietan—. 700 bat boluntariok parte hartu zuten.
1.836 lagun zenbatu zituzten egoera horretan; horietatik, 323 zeuden kalean. Gainerakoak gizarte zerbitzuek eskainitako lekuetan zeuden. Pentsatzekoa da gehiago ere egongo direla ikertu gabeko tokietan, egileek azaldu dutenez.
"Pobrezia hazten ari den arren, kalean bizi den jende kopurua ez da hazi", nabarmendu du Jose Zalakain SIIS fundazioko zuzendariak. Gizarteak "erantzuteko gaitasuna" baduela adierazten du horrek, haren hitzetan: dela familia sareen bidez, dela erakunde edo elkarteen babesarekin. Oro har, hazi egin da bazterketa egoeran daudenak hartzeko toki kopurua.
%75, gizonezkoak
Zenbatutako pertsonen sexua aztertuta, gizonak dira gehienak: %75 inguru. Kalean aurkitutakoen artean, nabarmenagoa da aldea: %12,4 dira emakumeak. Kopuru osoan, %10 inguru dira adingabeak. Zalakainek zehaztu duenez, babes zentroetan daude gehienak, lagunduta, eta genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeekin dute lotura gehienek.
Donostiako Gizarte Ongizateko zinegotzi Jon Albizu eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuorde Iñigo Pombo ere izan dira agerraldian. Urrian, jardunaldi batzuk egingo dituzte Bilbon, ikerketak utzitako datuetan sakontzeko.