Pakistan

Gutxienez 25 pertsona hil dira unibertsitate baten aurkako eraso batean, Pakistanen

Bacha Khan unibertsitateko ikasle eta irakasleak dira hildako gehienak. Segurtasun indarrek tiroz hil dituzte ustezko lau erasotzaileak. Lehen datuen arabera, talibanek egindakoa izan da erasoa.

Unibertsitatearen aurkako atentatuan zauritutako hainbat lagun. BILAWAL ARBAB / EFE
arantxa elizegi egilegor
2016ko urtarrilaren 20a
07:17
Entzun

Pakistango talibanek gutxienez 25 pertsona hil eta 50etik gora zauritu dituzte herrialdearen iparraldean dagoen Bacha Khan unibertsitatearen aurkako erasoan. Goizean goiz hasi da atentatu oldea. Lekukoen arabera, leherketak entzun dira unibertsitateko eraikinaren kanpo aldean. Jende ugari zegoen inguruan ordu horretan; izan ere, poesia jardunaldiak ari ziren egiten.

Leherketen ostean, hainbat ekintzaile armatu tiroka sartu dira eraikinean, eta gutxienez 25 pertsona hil dituzte; unibertsitateko ikasle eta irakasleak gehienak.

Erasoaldia hasi eta gutxira heldu dira bertara segurtasun indarrak, eta campusa itxi dute. Iturri ofizialek azaldu dutenez, ustezko erasotzaileetatik lau hil egin ditu Poliziak.

Ez da lehen aldia talibanek unibertsitaten baten aurkako erasoa egiten dutela. 2014an, esaterako, 130 ikasle hil zituzten Pesahwar hiriko eskola baten aurkako erasoan.

Erantzule garbirik ez

Talibanek beren gain hartu dute atentatua. Umar Mansoor talibanen buruak ohartarazi du euren gotorlekuaren aurkako erasoaldiaren "ordaina" izan dela erasoa, eta zehaztu du lau ekintzaile suizida izan direla erasotzaileak.

Aldiz, talibanen bozeramaile Mohammad Khurasanik ukatu egin du erasoaren egiletza, eta atentatuak "islamaren aurkakoak" direla ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.