Konfinamenduak agerian utzi du terrazen eta espazio handiko etxeen balioa, eta ezaugarri horiek kontuan hartuta egokituko ditu Eusko Jaurlaritzak etxebizitzen bizigarritasun baldintzak eta diseinu arauak arautzen dituen dekretua. Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak eman du aldaketen berri, gaur. Bi arau eta gomendio bat gehitu dituzte dekretuan, zehazki. Etxebizitzen eta gelen tamainari buruzkoak dira arauak: 35 metro koadro izan beharko dituzte etxeek gutxienez, eta gelek, berriz, hamar metro karratu. Gomendioa terrazei buruzkoa da: sustatu egin beharko dute etxeek terrazak izatea, gutxienez lau metro karratukoak, eta metro eta erdiko sakonerarekin.
Zer sartzen da 35 metro karratutan, ordea? Arriolaren arabera, zazpi metro karratuko sukalde bat, hamalauko sala bat, hamar metro karratuko logela bat eta 3,5 metroko komuna. Minimo horiekin gaur egungo pisuak baino handiagoak diren etxebizitzak eginen lirateke, haren hitzetan. Eraiki edo zaharberrituko diren etxebizitzei aplikatuko zaie dekretua.
Arriolaren arabera, «konfinamenduan ikasitako esperientziak» biltzen ditu dekretuak, «etxea izan baitugu babesleku eta lantoki, baita ikasketarako eta aisialdirako espazio ere».
Mugikortasunean mugak dituztenentzat ere egokituko dira etxebizitzak, erraterako, zaharrengan edota menpekotasunen bat duten jendearengan pentsatuta. Promozio berri bakoitzean, halaber, zenbait etxebizitza mugikortasun murriztua dutenentzako gorde beharko dira.