Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak, Ignacio Ellacuria Gizarte Guneak eta Pluralismo y Convivencia fundazio espainiarrak gutxiengoen erlijioek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duten egoera aztertu dute Pluralidades latentes ikerlanean. Hiru herrialdeotan dauden gutxiengoen erlijioen elkarteetako buruak elkarrizketatu dituzte horretarako. 214 komunitatek egoitza dutela ondorioztatu dute.
Gutxiengoen artean sinesterik hedatuena kristau ebanjelikoena da, 96 komunitaterekin. Hurrengo talde nagusia Jehovaren Lekukoek osatzen dute. Horien atzetik agertzen dira zerrendan musulmanak, budistak, kristau ortodoxoak eta Zazpigarren eguneko eliza adbentista, adibidez. Halere, aurreko biekin alderatuz gero, fededun eta komunitate gutxiago dituzte.
Aniztasun hori fenomeno ezezaguna dela diote, eta hein handi batean sinesmen horiei buruz gehiago jakiteko asmoz abiarazi zuten ekimena. Eusko Jaurlaritzak lagundu du diruz, eta Espainiako Gobernuak ere babestu du. Bi erakundeon izenean Idoia Mendia Justizia sailburuak eta Jose Maria Contreras Espainiako Justizia Ministerioko Erlijioekiko Harremanetarako zuzendariordeak ere hartu zuten parte atzo liburuaren aurkezpenean.
Erlijio aniztasuna azkenaldian «arazo eta istiluekin» lotu dela gogoratu du Mendiak, «espazio publikoetan erlijio ikurrak jartzeko debekuarekin, eskoletako menuak sortzen dituen tirabirekin eta erlijioaren irakaskuntzarekin». Hori konpontzeko eta talde horien eskabideei erantzuna emateko konpromisoa dutela dio.
Contrerasek gogorarazi du laikoa dela Espainia, baina estatuak hainbat sinesterekin harremanak dituela. «Erlijio gaietan neutrala izateak ez du axolagabe garela esan nahi. Haiekin harreman zuzena izan, eta antzeko tratua jasotzen dutela bermatu behar dugu». Fedeak publikoa ere izan behar duela ohartarazi du, gainera. Administrazioen zeregina da, haren ustetan, hori bermatzea.
Agintarientzat lagungarri
Jose Manuen Lopez da Pluralismo y Convivencia fundazioko zuzendaria. Haren esanetan, duela 30 urte «katolikoak eta antikatolikoak» zeuden. Gaur egun, antikatolikoen ordez, sineste gabeak eta beste sineste bat dutenak daude.
«Errealitate berri hori ezagutu behar da, dituen premiei behar bezala erantzuteko». Alkateek eurengana jotzen dutela dio; katolikoa ez den beste sineste bateko herritar bat hil, eta nola lurperatu behar duten ez dute jakiten eta.
Gutxiengoen erlijio komunitateek 214 egoitza dituzte EAEn
Pedro Arrupe eta Ignacio Ellacuria institutuek 'Pluralidades latentes' lanean aztertu dute aniztasun erlijiosoaren egoera«Ezezaguna, erreala eta atzera egingo ez duen fenomenoa» dela azaldu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu