Goizaldeko hirurak Andoainen, 1979ko maiatzaren 6a. Errepide bazterretik oinez doa Jose Ramon Ansa Etxeberria, Urnietarako bidean. Auto bat alboan gelditu, eta barruan doazen bi lagunek autora igotzera behartzen dute. Auzo bide batera daramate. ETArekin zerikusia duten pertsonak ezagutzen ote dituen galdekatu ondoren, buruan tiroa jota hiltzen dute. Telefono kabina batetik ekintza bere gain hartzen dute, Triple A-ren izenean.
Ignacio Iturbide Piti-k eta Ladislao Zabalak mota horretako beste sei hilketa egin zituzten 1978. eta 1981. urteen artean, Heriotzaren triangelua delakoan, Andoain eta Astigarraga arteko hamar kilometroetan. Gehienetan asteburuetan eta ia beti gauez jarduten zuten, jaien inguruetan, edo berandu ixten zituzten tabernen bueltan. Terrorea eragin zuten herritar guztien artean, edonor izan zitekeelako hurrengoa. 35 urte geroago, orduko gertakariak eta senide eta gertukoen testigantzak jaso dituzte Imanol Laburuk eta Jose Maria Salinasek Heriotzaren triangelua dokumentalean.
Franco hil ondorengo urteak bortizkeria politiko handiko garaiak izan ziren. Biolentzia politikoa esponentzialki hazi zen garai hartan, Mariano Sanchez Soler idazle eta kazetariak dokumentalean dioenez: ETAren indarkeriarekin batera, eskuin muturrarena zegoen, talde parapolizialena, eta astero jende asko hiltzen zen. Zortzi urtean, 1975etik 1983ra, 591 hildako izan ziren Espainian biolentzia politikoak eraginda. Errepresioa zegoen kalean, hildakoak kartzeletan eta polizia etxeetan...
Iturbide eta Zabalaren ekintzak "mertzenarioen terrorismoaren" barruan kokatu ditu Iñigo Iruin abokatuak: "Estatuak pertsona jakinak kontratatzen ditu, ordain ekonomiko baten truke. Gehienbat Italiako neofaxismotik datozenak, Argentinako ultraeskuindarrak ere bazeuden, Marseillako mafia...". Baita Espainiako ultraeskuindarrek osatutako komandoak ere, Iturbide eta Zabalarena, kasurako.
Mertzenarioek sigla ezberdinen izenean egiten zituzten erasoak. Gehienbat BVE Batallon Vasco Español bezala, baina baita Triple A, ATE, ANE… bezala ere. Denak, ordea, jatorri berekoak ziren. "Horrekin, batetik, inpresioa eman nahi zuten inkontrolatuen taldeak zirela, eta, bestetik, erakutsi ez zegoela guztiaren atzean antolaketa bat, egitura bat, baizik eta bere kasa jarduten zuen jendea zela".
Udalaren mozioak
Andoainen, ohikoa zen Iturbide Guardia Zibilaren kuartelera sartzen ikustea —andoaindarra zen—. Jose Ramon Ansaren hilketaren ondoren, ezohiko udalbatza egin zuten Andoaingo Udalean: lau mozio onartu zituzten aho batez, hilketa argitu eta hiltzaileak atxilotzeko. Aktak gobernadoreari bidali zizkiotenean, hark azalpenak eta frogak eskatu zizkieten. Dosier bat sortu zuten orduan, eta orri oso bat eskaini zioten Iturbideri. Argi dio Ramon Jauregik, 1979-1983 urteetan EEko zinegotzi izandakoak: "Pentsatzen genuen bera tartean ibiliko zela, ziur".
Hainbat hedabidek informazio hura zabaldu bazuten ere, agintariek ez zuten ezer egin. Hilabete gutxira iritsi zen bigarren hilketa: 1979ko irailaren 28an, Tomas Alba hil zuten tiroz, Astigarragan.
Urterik beltzena 1980a izan zen Hernanirentzat: zazpi hilabetean lau herritar hil zituzten. Ideologia abertzalea izan zezakeen norbaiten aurka eraso egitea erabaki zuten Iturbidek eta Zabalak apirilaren 19ko goizaldean. Xoxokako bidegurutzetik gertuko taberna batetik hiru lagun ikusi zituzten ateratzen; horietako bat Felipe Sagarna Zapa izenez identifikatu zuten. Autoan jarraitu, eta Hernanin, etxeko portalera sartzera zihoala, buruan tiro batez hil zuen Iturbidek. BVEko Luis Berasategi komandoaren izenean aldarrikatu zuten ekintza.
Irailaren 7an iritsi zen hurrena, ETAren atentatuei erantzuna emateko. Hernanin, Iturbidek Miguel Mari Arbelaitz errekonozitu zuen, eta hura eta harekin zihoan Luis Elizondo Arrieta hil zituzten; biak buruan tiroa jota.
Hilketak ez ezik, bestelako erasoak ere izan ziren Andoain, Urnieta eta Hernani inguruetan, baita 1979a baino lehen ere —ondasunen aurkakoak, batik bat—. Inor ez zegoen seguru hamar kilometroko eremuan. Beldur handia zegoen. "Hurrengoa nor izango da?". Senideek eta lagunek, guztiek galdera bera zuten. Eta dute: Zergatik? Zergatik aukeratu zuten hura? "Pertsona inozenteenak" zituzten jomugan, Ramon Ansaren ustetan. 1979-1983 urteetan Andoainen EAJren zinegotzi izandakoak uste du "herri barruan min edo gorroto handiagoa sortzearren" egiten zutela.
Bereizi gabe jarduten zuten, baina bereizketa falta hori selektiboa zen, Iruinen hitzetan: "Iturbidek eta Zabalak, hilketa egin baino lehen, komentatzen zuten haien [biktimen] ideologia, eta autojustifikatzen ahalegintzen dira esaten separatistak direla, abertzaleak direla…".
Ijito euskaldunen aurka jo zuten 1980ko azaroaren 14an. Miguel Castells abokatuak dioenez, Hernanitik gertu ijitoen asentamendu bat zegoela agertu zen prentsan, eta handik gutxira gertatu zen Joaquin Antimasbere Eskoz eta Andres Etxeberria Etxeberriaren aurkako erasoa. Biak tirokatu zituzten; Etxeberria, baina, bizirik irten zen. BVEren izenean, euren gain hartu zuten hilketa Iturbide eta Zabalak, El Diario Vasco egunkarira egindako dei batean.
1981eko martxoaren 3an ere ohiko ibilbidea egitera irten ziren; kasu hartan, independentziari erreferentzia egiten zioten itsasgarriak zeramatzaten autoak erretzeko asmoz. Topatu ez, eta pertsonen aurka jotzea erabaki zuten. Andoaindik Urnietarako bidean, autobusaren zain zegoela, Francisco Javier Ansa hil zuen Iturbidek, buruan tirokatuta.
Zigorra, indibiduala
Heriotzaren triangelua-n egindako erasoen atzean nor zegoen vox populi zen. Inguruan denek zekiten hiltzaileen identitatea. Aurpegi-hutsik aritzen ziren, beren armak eta autoa erabiltzen zituzten, eta haien gertuko eremuan jarduten zuten. Iruinek dioenez, egoera eutsiezina zen. Batetik, 1979an Andoaingo Udalak egindako dosierra zegoen; eta, gainera, 1980an Tolosako epaitegi batek Iturbide bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen, armak legez kontra edukitzeagatik. Ez zuten, ordea, berehalakoan neurririk hartu: "Erakusten du Poliziaren aldetik babesa zegoela, beste aldera begiratzen zutela".
Castells abokatuaren bulegora iritsi zen eskuizkribu batek ere eman zituen pista batzuk. Rogelio Gonzalez Medrano ultraeskuindarrak, egindakoengatik damututa, agiri bat idatzi zuen trama beltzetan parte hartzen zutenen izen-abizenak argitara ateraz: Iturbide zen horietako bat. Auzitegi Nazionalera iritsi zen auzia, baina ez zuen aurrera egin.
1981eko martxoan atxilotu zituzten Iturbide eta Zabala —haiekin batera Gonzalez Medrano—, eta 1985ean epaitu: biei 231na urteko kartzela zigorra ezarri zieten zazpi hilketa egiteagatik, bi hilketa zapuztugatik eta desordena publikoko beste hainbat delitugatik. Ekintza bakartu eta indibidual gisa zigortu zituzten, eta ez estatuak bultzatu eta diseinatutako ekintza modura. Iruinek dioenez, "estatua da zigortu gabeko gaizkilerik handiena".
35 urteren ondoren, galdera ugarik erantzunik gabe jarraitzen dute. Ahaztea eta barkatzea zaila da senideentzat. "Hildakoari min egiten diote, baina bertan geratzen garenoi agian min handiagoa".