euskal presoak

"Guztiok irabaziko dugu; giza eskubideek irabaziko dute"

Eri dauden presoak berehala aske uzteko eskatu dute milaka lagunek Donostian. Gipuzkoako hiru presoren aldeko plataformek deitu dute manifestaziora, eta egoera "jasanezina" dela salatu dute.

Manifestazioaren hasiera. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
2014ko abuztuaren 9a
19:31
Entzun

Preso gaixoak kalera! lelopean, jendetza batu da eritasun larriak dituzten euskal presoen eskubideen aldeko manifestaziora. "Salbuespenezko" espetxe politika salatu eta kartzeletan gaixo daudenak berehala aske uzteko eskatzera atera dira Donostiako kaleetara. Manifestazioaren amaieran, Zuloaga plazan, adierazpen bat irakurri dute: "Egoera jasanezina da. Ahalik eta tratamendu duinena behar dute, eta hori kartzelan ez da posible", azaldu dute.

Garikoitz Arruarte, Ibon Fernandez Iradi eta Aitzol Gogorza gogoratzearekin batera, beste hainbat preso ere aske uzteko eskatu dute: Ibon Iparragirre, Ventura Tome, Txus Martin, Josetxo Arizkuren, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Inma Berriozabal, Iñaki Etxeberria eta Jose Miguel Etxeandia.

Salatu dutenez, presoon gaixotasunak "bizitza guztirako gainean eraman beharreko motxilak" dira, eta horiei gehitu behar zaie preso egoteak sortzen duen "berezko estresaren adreilua".

"Posible da. Gauzak alda daitezke; egoera bidegabeak aldarazi ditzakegu", aldarrikatu dute. Euren aldarria Euskal Herriko txoko guztietara hel dadin nahi dute, gainera: "Denborak ez du etenik; gaixotasun larriak dituzten presoak kalean nahi eta behar ditugu".

Ibilbide osoan, Euskal presoak etxera eta Presoak kalera, amnistia osoa leloak  entzun dira; Artzai Onaren aurretik igaro direnean, parodia egin dute zenbait lagunek, presoak balira bezala. Atzean Gaixo larriak askatu leloa zuten. 

Fernandez Iradi, Arruarte eta Gogorza preso gipuzkoarrak askatzearen aldeko herri plataformek deitu dute manifestaziora. EH Bilduk eta Etxerat elkarteak bat egin dute deialdi horrekin, besteak beste. Manifestazioan izan direnen artean egon dira Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Joseba Permach eta Joseba Alvarez Sortuko kideak eta Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.