Foro Sozial Iraunkorraren ustez, presoena da, biktimenarekin eta «memoria kritiko eta inklusibo baten eraikuntzarekin» batera, askatu beharreko korapiloetako bat bake prozesua azken bururaino eramateko. Eta horretarako bide bat proposatu dute: «guztion eta guztiontzako euskal bidea» deitu dutena. Azaldu dutenez, bide hori elikatzea izango da Foro Sozialaren lehentasunetako bat datozen hilabeteetan.
Teresa Todak, Nazario Oleagak, Nekane Altzelaik eta Agus Hernanek esan dutenez, proposatzen duten bidea «arrakastatsua» izan da armagabetze zibilaren eta ETAren desegitearen kasuan, eta «akordio triangeluarra» du oinarri, hots, gobernuen, preso dauden pertsonen eta gizarte zibilaren arteko ekarpenen uztartzea, nor bere eginkizun eta aukeretatik abiatuta.
Gobernuei dagokienez, Foro Sozialak aintzat hartzen ditu Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua: «Bakoitzak bere eginkizunak bete beharko ditu, egungo edo eskuratu beharreko eskumenen arabera», zehaztu du Nekane Altzelaik.
Presoek egin beharreko bidea ere garrantzitsutzat jo dute Foro Sozialekoek, eta erantsi dute, abian jarri beharrekoa «denontzako euskal bidea» baldin bada, ibilbide horrek pentsatuta egon behar duela «preso dauden guztiek balia dezaten». Gizarte zibilaren erakundeen parte hartzea ere balioetsi dute.
Foro Sozialaren aburuz, prozesu hori «arrakastaz» burutzeko baldintzak sortzen ari dira «apurka-apurka». Espainian gobernu berria osatzeko aukera, Espainiako Kongresuan auziari heltzearen aldeko gehiengoa sortu izana, Hego Euskal Herrian «adostasun instituzional, politiko, sindikal eta soziala» sendotzea, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboan bildutako presoek erakutsitako borondatea «beharrezkoak diren urratsak egiteko», eta biktima askoren «eskuzabaltasuna» aipatu dituzte baldintza horiek zerrendatzeko.
Teresa Todak gogorarazi du bide horretatik ez direla hutsetik abiatzen, IV. Foro Sozialean gai horren inguruan eztabaidatu zutela, eta bilkura horien ondorioak 2018ko martxoaren 27an aurkeztu zituztela, Donostian. Han bi fase ezarri zituzten gizarteratze prozesua «arrakastaz» egiteko: lehenengoa, presoak espetxe barruan egin beharreko ibilbidea zehaztea, gradu progresiorako bermeak jarriz, eta bigarrena, espetxe baimenena eta erabateko gizarteratzearena, eta horietan abian jarri beharreko laguntza instituzional eta soziala. Espainiako Gobernuaren, presoen, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta gizarte zibileko erakundeen zereginak ere zehaztu zituzten IV. Foro Sozialaren ondorioetan.
Foro Sozial Iraunkorraren bozeramaileek iragarri dute datozen hilabeteetan gai hori landuko dutela, eta «eztabaidarako eta aliantzetarako gune berriak» irekitzen saiatuko direla. Zenbait topaketa egingo dituzte helburu hori lortze aldera.