«Munduak guztiontzat behar luke». Bizipoza sarea osatzen duten elkarteen zuztarrez galdetuta, mezu horixe nabarmentzea gustatzen zaie elkarteko ordezkari Leire Elizegiri eta Anabel Arraizari. Elkartearen egoitza nagusian ari dira solasean, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parkean. «Guk askotan esaten dugu elkarteen elkartea dela; baina elkarte asko batzen dituen sare bat ere bada», azaldu du Elizegik. 35 elkarte ditu gaur egun, Euskal Herri osokoak; 4.000 familia inguru.
Tankera askotako elkarteak dira: «Batzuk nahiko handiak dira. Beste batzuk, berriz, oso txikiak: atera kontuak, herri konkretu batekoak. Ezberdinak dira tamainan, eta izaeran; baina helburu berak dituzte. Guztiek nahi dute beren errealitateak gizarteratzea, errealitate horrek leku bat izatea. Izan ere, usu ez ditugu ikusi ere egiten». Elkarte asko gaixotasun edo mendekotasun jakin batzuk dituzten adingabeen premiak aintzat hartuta osatuta daude; beste hainbat, haurrek pairatzen dituzten beste kalteberatasun egoera batzuen inguruan: LGTBfobia, bazterkeria, arrazakeria, babesgabetasuna... Guztiek talaia aski egokia osatzen dute ikusteko gaur Euskal Herrian hainbat adingabek bete gabe dituztela hainbat eskubide.
"Guztion eskubideak bermatuko dituen Euskal Herri bat da helburua. Ez batzuenak bakarrik: guztionak"
Anabel Arraiza. Bizipoza elkarteko ordezkaria
«Nik, oro har, esango nuke eskubide batzuk urratuta dauzkaten haur eta familien elkarteak direla, eta denak batzen ditu haur eta familien ongizatea lortzeko helburuak», azaldu du Elizegik. Hizkuntzak ere batzen ditu: euskaraz jarduteko eta hazteko eremu bat ematen die Bizipozak elkarte horiei guztiei. Sarri beste «lehentasun»zenbaitek irentsita dihardute, eta estimatu egiten dute hori. Irrien Lagunak Kluba izan zuen abiapuntu Bizipozak. Elkartasunaren inguruan adar bat zuen, eta lotura «natural» bat landu zuen horregatik hainbat elkarterekin. 2016tik oraingo ereduan ari da: elkarteen elkartea da.
«Guztion eskubideak bermatuko dituen Euskal Herri bat da helburua. Ez batzuenak bakarrik: guztionak», berretsi du Arraizak. «Elkarte guztiak egunerokoan jo eta su ari dira hori lortzeko; gai ezberdinetatik, baina helburu berarekin». Eragile izan nahi dute, eta, elkartasunaren aldeko mezuez harago, elkarteek atzematen dituzten «eskubide urraketak» identifikatu nahi dituzte orain Bizipozan, ahalik eta era zehatzenean, salatu ahal izateko. «Elkarte guztiei eskatu diegu zerrenda bat egiteko. Esaterako, nik ez dakit zer gertatzen den haien semea edo alaba gorputz heziketako eskolan dagoenean. Eta dutxan dagoenean? Edo nortasun agirian bere identitatea onartzen ez dutenean?», galdetu du Arraizak. «Edo, esate baterako, haurrek behar dituzten hainbat terapia sare publikoan bermatuta ez daudenean? Halakoetan ere badago eskubide urraketa bat», gehitu du Elizegik. Arraiza: «Haurrak eta familiak dituzte ardatz gure elkarte ia guztiek, eta haur horiek izan behar dituzte gainerakoen eskubideak».
"Guztiek bilatzen dute beren errealitatea gizarteratzea; horrek leku bat izatea. Usu ez ditugu ikusi ere egiten"
Leire Elizegi. Bizipoza elkarteko ordezkaria
Urte osoan jarduera eta ekintza ugari egiten ditu Bizipozak helburu horren inguruan, eta orain sarea ezagutzera emateko ahalegin apartekoa egiten ari dira; hainbat aurkezpen ekitaldi egin dituzte, eta webgune berria ere ondu dute. «Oso era azkarrean errealitate bat ezagutzeko moduan eginda dago», azaldu du Arraizak. «Eta elkarteetako kideek jarri diote hitza eta ahotsa: oso garrantzitsua da hori».
Hazten jarraitu nahi dute: «Helburua ez da gero eta elkarte gehiago izatea, baina naturala da hori gertatzea. Aurkezpenen ondoren ere beste pare bat elkarterekin egin ditugu bilerak», adierazi du Elizegik. «Izan ere, elkarte askok beren burua ikusten dute sarean. Finean, sarean batuta denok daukagu elkarri asko emateko aukera, bozgorailu bat izateaz gain». Eta indartzen ari dira harremanak; «hain justu, elkarlana sortu izan da elkarteen artean», azaldu du Arraizak. Bide batez, jarduteko era baten jabe izatearen sentimendua ere eman die batasunak: «Bizipozaren atzean bat egiten du jarrera baikor batek». Mundu hobe bat eraikitzeko bidean, ezinbestekotzat daukate.
Bizipoza sarean dauden elkarteen bilera, Derion. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
"Euskaraz ari direnean, harritu egiten gara"
Jatorria eta azalaren kolorea aski motibo dira, helduekin gertatu ohi den eran, zenbait haur eta nerabe bazterreko sentiarazteko: Bizipoza barruko hainbat elkartetan ikusten dute hori, eta adierazi beharrekotzat daukate.
Egunerokoan, hortxe dago arrazakeria. Familia batek, esaterako, Txinako ume bat adoptatu, eta hasieran dena da: 'Ze ondo, ze polita'». Oihana Lizarralde ari da solasean, adopzio familien Gipuzkoako Ume Alaia elkarteko gizarte laguntzailea. «Baina, adinean aurrera egin ahala, nerabezaroan, aurpegiera-eta nabarmenduz joan ahala, 'ze ondo!' hori aldatzen hasten da». Elkartean jaso dituzten hainbat lekukotasunetan usu deskribatu diete mudantza hori, gizartean arrazakeriak dituen zuztarren erakusgarri. Bizipozako sarearen barruan gaiarekin arduratuta dauden elkarteetako bat da. Ageri-agerian ikusten baitute: migratzaileei usu egozten zaizkien estereotipoak leporatzen hasten zaizkie askotan nerabe horiei. «Supermerkatuan sartzeko garaian, tren geltoki batean...». Maiz, bakarrik harrapatzen ditu aldaketak, munduan bakarrik ibiltzen hasi berri: «Izan ere, txikitan, gurasoekin doaz, etabi guraso zuri eta umetxo bat ikusten dituzu; baina helduz doazen heinean, askotan falta zaizkie figura horiek beren ondoan...». Eta aurreiritzien zama sentitzen dute: «Berdin-berdin ezartzen zaizkie, eta denak. Esaterako, euskaraz aditzen badiegu, harritu egingo gara: denok harrituko gara. Halako gauzak gainean dituzte. Pentsatu nahi dut hobera egingo dela, baina oraindik...». Arrazakeria hor da, usu sotila bada ere: «Gainera, ez da ezezagunek nola tratatzen zaituzten soilik: ezagunekin ere gertatzen da maiz, nahiz urte horietan guztietan ezagutu zaituzten, eta lagun izan dituzun».
" 'Ijito' hitzak daramatza aurreiritzi asko; haurrek ez dituzte besteek dituzten aukera berdinak"
Jennifer Perex Etxebarria. Kale Dor Kayiko elkartea
Ijitoen komunitateko kideak, Kale Dor Kayiko elkartearen bidez, Korrikaren lekukoearekin, 2015ean. RAUL BOGAJO / FOKU
Landu beharreko eremu asko daudela uste dute. «Eskolan maiz ez da gai hau lantzen, eta bullying kasu asko horrekin lotuta daude», azaldu du Lizarraldek. Hain justu, eskolan jatorriari buruzko hitz itsusiak entzun behar izaten dituzten umeen lekukotasunak jaso izan dituzte. «Eta penagarria da umeek eskolan hori pairatu behar izatea». Garrantzitsua iruditzen zaie eskoletan arta hobetzea, eta, bitartean, haur eta nerabe horiek ahalduntzera jo behar dela uste du. «Eman diezazkiegun baliabideak ume horiei halako egoerak identifikatzeko, halakoei erantzun bat emateko; izan ere, askotan identifikatu ere ez dira egiten. Gazteak ahaldundu egin behar dira, adierazteko arrazakeria keinuak ez direla normalak».
Ijitoen aldeko jarduna
Ijitoen beharrak ardatz, keinu zatarrei erreparatzen diete Kale Dor Kayiko elkartean ere. Bertatik ari da Jennifer Perex Etxeberria gaztea. «Ijito hitzak aurreiritzi eta estereotipo asko daramatza», onartu du. «Hori dela eta, haur eta ijito nerabeek ez dituzte besteen aukera berberak». Taldea homogeneizatzera egiten dela sentitzen dute askotan, arranguraz. «Izan ere, ijitook, oro har, ohitura berberak dauzkagu, baina horrek ez du esan nahi ijito guztiak berdinak garenik». Horra aurreiritziak apurtzeko ahalegin bat: Bizipoza elkartean daude, euskara hutsean eraikitako sare horretan. Eskoletara begira-eta jarduten dute elkartean, irakasleak trebatzen. Komunitatean ere eragile izan nahi dute; eskola uztera jotzen dute maiz nerabe ijitoek, eta saiatzen dira «goi mailako ikasketak dituzten» ijitoen esperientziak gerturatzen: belaunaldi berrien erreferente izan daitezen.
"Ahaldundu behar dira gazteak adierazteko arrazakeria keinuak ez direla normalak: erantzun behar zaiela"
Oihana Lizarralde. Gipuzkoako Ume Alaia ordezkaria
Bizipozako elkarteez harago, badira gaiaz arduratutako elkarte gehiago. Bazterkeria ekar dezaketen begiradak zer diren ondo dakite, adibidez, Galia Mokthar eta Farha Bouziar gazteek. Sahara Mendebaldean sortua da lehena; Marokoren menpeko lurretan jaioa eta amazig jatorrikoa bigarrena. Biak umetan heldu ziren Euskal Herrira, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketak amaitzen ari dira egun. Umezaroko eta nerabezaroko oroitzapenak gogoan, aditzera eman dute arrazakeriarik ez zutela bizi izan «modu esplizituan». Zeharka, bai. «Handiagotan, batez ere: mikroarrazismoak dira. Eta jarrerak are nabarmenagoak dira, gainera, jendeak arrazista ez izateko ahalegina egiten duen neurrian», esplikatu du Mokhtarrek. Umetan babestuagoak sentitzen ziren. «Baina etxekoekin-eta hitz eginda, haiek solastatzen ziren begiradez: nik jasotzen ez nituen begiradez». Hazi ahala, ugarituz joan dira. Bouziar Santurtzin hazi da (Bizkaia): «Nik umetan ezberdintasun handirik ez nuen sentitzen». Mugarri bat oroitu du, hala ere: «Zapia eramaten hasi nintzenean; 13 bat urte nituen». Hazi ahala, arrazakeria zer den ulertu ahala, mespretxu keinu askori izena jartzen ere ikasi dutela adierazi dute bi gazteek. «Kontua da arrazakeria keinu txikiak hain barneratuta dauzkagula! Askotan ikusi ere ez ditugu egiten».
Bi gazteek ikerketa bat egin berri dute Errenterian (Gipuzkoa), bertako herritarrek gazte migratzaileekin duten jarreraren aztertzeko, Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren eskutik. Nahiko pozik daude emaitzekin: «Jarrera arrazista argiagoak espero genituen; baina ezjakintasuna ikusi dugu, ororen gainetik. Pentsamendu erradikalik ez dugu ikusi; arrazakeria espektro bat bada, jende gehiena erdialdean dago».
Etzi: Osasun arazoak dituzten haur eta nerabeak.