Espainiako Poliziak bederatzi lagun atxilotu ditu Gipuzkoan, bi Nafarroan eta azken bat Sevillan (Espainia), Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. aretoko epaile Baltasar Garzonen aginduz. Gipuzkoako atxiloketak Oiartzunen, Lasarten, Andoainen, Villabonan, Arrasaten eta Deban egin dituzte.
Oiartzunen atxilotutakoak 23na urteko Zuhaitz Izagirre, Enekoitz Oiartzabal eta David Brum dira. Lasarten 32 urteko Xabier Otaegi atxilotu dute, Andoianen 29 urteko Ruben Gelbentzu eta Villabonan Eneko Gorostidi. Arrasaten 28 urteko Saioa Altzua eta 30 urteko Gaizka Azkarate atxilotu dituzte, eta Deban atxilotutakoa 24 urteko Gaizka Garcia dela baieztatu dute.
Nafarroako atxiloketak Iruñean egin dituzte. 27 urteko Ikerne Indakoetxea Etxebakoitzen atxilotu dute. Indakoetxeak Barañaingo Alaitz ikastolan egiten du lan. Iruñeko Alde Zaharrean 30 urteko Goizeder Anton atxilotu dute.
Polizia iturrien arabera, Sevillan beste emakumezko atxilotu dute. Soraluzeko (Gipuzkoa) Regina Maiztegi da atxilotua, 34 urtekoa. Polizia iturrien arabera, Huelvako (Espainia) espetxera bisita bat egitera zihoanean atxilotu dute Maiztegi.
Iturri horien esanetan, gaur atxilotutakoen artean ETAko liberatu bat dago. Ez dute mementoz pertsona horren nortasuna eman, baina iturri horien arabera, "geldirik baina atentatuak egiteko prest" legoke 'Basajaun komandoko' ustezkokidea.
Atxiloketak ez ezik, hainbat miaketa egin dituzte; Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzaordeak jakinarazi duenez, guztira, hamalau.
Polizia iturrien arabera, ETAren sarea berregin nahi zuten atxilotuek, eta 2002ko irailean Ibon Fernandezi atzemandako agirietan oinarritu dute operazioa. Espainiako Auzitegi Nazionalak agiri horien bidez justifikatu ditu beste lau operazio handia, azkenekoa, urriaren 8an egin zutena. Orduko hartan, 34 lagun atxilotu zituzten.
Polizia operazioa Gipuzkoan eta Nafarroan
Guztira hamabi lagun atxilotu ditu Espainiako Poliziak Gipuzkoa, Nafarroa eta Sevillan
Eneko Gorostidi Villabonako gaztearen atxiloketarekin (Gipuzkoan), guztira hamabi dira bart gauean Espainiako Poliziak Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz egindako atxiloketak. Hamabi lagun horietatik bederatzi Gipuzkoan atxilotu dituzte, bi Nafarroan eta azken bat Sevillan (Espainia). Goizeder Anton eta Ikerne Indakoetxea dira Nafarroan atxilotu dituztenak, lehendabizikoa Iruñeko Alde Zaharrean, eta, bestea, Etxabakoitzen. Gipuzkoan, Oiartzunen atxilotu dituzte hiru lagun —Zuhaitz Izagirre, Enekoitz Oiartzabal eta David Brum—, Arrasaten Saioa Altzua eta Gaizka Azkarate, Andoainen Ruben Gelbentzu, Villabonan Eneko Gorostidi eta Lasarten Xabier Otaegi. Azken orduaren arabera, Gaizka Garcia Deban atxilotu dute eta Sevillan atxilotutakoa Soraluzeko Regina Maiztegi dela baieztatu dute. Polizia iturrien arabera, gaurko atxilotuen artean ETAko liberatu bat dago. Ez dute mementoz pertsona horren nortasuna eman, baina iturri horien arabera, "geldirik baina atentatuak egiteko prest" legoke 'Basajaun komandoko' ustezko kidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu