Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gutxiengoen erlijioek zenbateko presentzia duten neurtu dutela dio Eduardo Ruiz Vieytezek. «Tenpluak zenbatu ditugu, fededunen errolda egitea ezinezkoa delako. Ezin zaio inori galdetu zertan sinesten duen».
Komunitate horien artean ba al dago harremanik?
Batzuen artean bai, besteen artean ez. Hori da galdetu diegun kontuetako bat: zer-nolako esperientzia izan duten erlijio arteko elkarrizketari dagokionez. Kapitulu bat eman diegu elkarrizketa horri lotutako esperientziei. Ez da askorik egin orain arte, baina badaude hainbat erlijio biltzen diren topagune batzuk.
Zenbat komunitatek hartzen dute parte topagune horietan?
Gutxi dira, eta normalean buruzagiak baino ez dira joaten. Elkarrizketa hori hasierako fasean dago, eta oraindik ez dira asko indartu. Hala ere, ekimen batzuk interesgarriak dira, eta gurean baino aniztasun erlijioso handiagoa duten beste autonomia erkidego batzuetan baino gehiago dira gainera. Elkarrizketa horrek gero zenbat eragiten duen komunitateotan? Zaila da jakitea, baina ez da askorik izango.
Noiz hasi zen gure errealitate erlijiosoa aldatzen?
Askok jakin ez arren, badira XIX. mendetik hemen dauden komunitateak. Protestanteak, adibidez, garai hartan etorri ziren. Gehienak oso berriak dira, eta egia da askok lotura zuzena dutela immigrazio prozesuarekin. Musulmanak 1960ko hamarkadan etorri ziren, eta lehen mezkitak 1980ko hamarkadan agertu ziren. Hala ere, gero eta gehiago dira erlijio horietako baten sinestun bihurtu diren bertokoak.
Hala ere, immigrazioa eta aniztasun erlijiosoa ez daudela lotuta diozu.
Egin kontu gurean dauden etorkin gehienak katolikoak direla, Hego Ameriketatik etorritakoak. Haien seme-alabek ere sineste horri eusten diote. Egia da erlijio asko immigrazioarekin iritsi direla, baina ezin dira bi fenomenoak beti lotu.
Komunitate horiek zer uste dute gizarteak eurekin duen jarreraz?
Normalean ez daude oso pozik. Haien ustez, ezagutza falta handia dago, eta sinesteak nahasten ditugula diote. Gainera, sekta kontzeptua erabiltzen dugu maiz, zentzu peioratiboan. «Ez gaituzte ezagutzen eta ez gaituzte ezagutu nahi», esaten dute.
Egoera hori nola aldatu?
Ezagutzaz gain, onarpena ere falta da. Gizarteak ezagutzeaz gain, erakundeek onartzea falta dute. Alegia, ez da logikoa komunitate horiek administrazioarekin harremanetan jarri nahi duten aldiro immigrazio teknikariarengana bidaltzea. Gutxiengoen erlijio batean sinesten badute ere, hemengo herritarrak dira.
Mapa batean kokatu beharko bagenitu komunitate horien egoitzak, hirietan marraztuko genituzke?
Guk egoitzak zenbatu ditugu, eta, bai, hirietan daude gehienbat. Gipuzkoan, akaso, banatuago daude, populazioa bera ere sakabanatuago baitago. Baina beste edozein kontutan ere antzekoa gertatzen da. Adibidez, pertsona bat Fruizen (Bizkaia) bizi da baina hainbat zerbitzu nahi baditu, Bilbora joan behar du.
Talde horiek zer eskatzen diote administrazioari?
Komunitate bakoitza berezia da, eta, erlijio berberekoak izan arren, ezberdintasunak egon daitezke. Baina, oro har, badituzte eskaera komunak. Hilerrien beharra aipatzen dute, espetxe eta ospitaleetan menu bereziak eskatzen dituzte eta lokalak irekitzeko dituzten arazoak salatzen dituzte. Tenplu duina izateko eskubidea da gehienbat komunitate guztiek eskatzen dutena.
Eliza Katolikoarekin zer nolako harremana dute?
Badakite hemen erlijio nagusia dela, gehiengoak fede hori duela, eta ez dute txartzat hartzen nagusitasun hori. Gehienbat euren beharrizanei erreparatzen diete, Eliza Katolikoaren nagusitasunari baino gehiago. Hala ere,inoiz konparaketak sortzen dira. Adibidez, maiz kexatzen dira kalean ekitaldi bat egin nahi dutenean trabak jartzen dizkietelako. Baina ez dituzte zalantzan jartzen Aste Santuko prozesioak eta Gabonetan Olentzeroren eta Errege Magoen kabalgatak.
Eduardo Ruiz Vieytez. Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria
«Haientzat, ezagutza falta handia dago, sinesteak nahasten ditugula diote»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu