Politika

'Haika-Segi’ auziari buruz erabakitzen ari da Espainiako Auzitegi Gorena

Espainiako Auzitegi Nazionalak iazko ekainean eman zuen Haika-Segi auziko epaia, baina helegiteak tarteko, epai hori ezerezean geratu daiteke. Hiru aldeek jarri dute helegitea: Auzipetutako 33 gazteen defentsak absoluzioa eskatzen du; eta AVT zein fiskaltzak, gazte erakunde horiek “talde terrorista” izendatzea, ondorioz kartzela zigorrak gogortuz. Espainiako Auzitegi Gorenak gaur aztertu du auzia, eta orain erabakia hartzea falta da. Erabaki hori hartzeko denbora pare bat astean luzatu daiteke.

2006ko azaroaren 16a
19:46
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak eman zuen epaian “legez kanpoko” taldetzat jotzen ziren Jarrai, Haika eta Segi erakundeak. AVT eta fiskaltza ez datoz bat horrekin, eta hiru gazte erakundeak “erakunde terrorista” izendatzeko eskatuz jarri dute helegite bana. Izan ere, beren iritzian, “ETAk diseinatua, koordinatua eta kontrolatua” da hiru erakunde horien jarduna. Auzitegi Gorenak esandakoei arrazoia emango balie, zigorrak handitu egingo lirateke gazteentzat. Fiskalak eta AVTk 10 urteko zigorra eskatu dute.

Gazteen defentsak, berriz, absoluzioa eskatu guztientzat. Izan ere, defentsak agertu duenez, ez du inork frogatu fiskalaren txostenean jasotzen diren 6.263 kale erasoak auzipetutako gazteek egin zituztenik.

Espainiako Auzitegi Gorenak hartzen duen erabakiak «gainerako antolakundeetan» eragin dezakeela ohartarazi zuen Segik, joan zen astean ateratako oharrean. Haien iritzian, «legez kanporatze, jazarpen politiko eta antzeko ekinbide antidemokratikoen bideari eusteko apustua adierazten du horrela PSOEk». Estatu espainolak zigortu nahi duena gazte erakundearen ildoa dela iritzi diote, «independentzia eta sozialismoaren aldeko borroka». Baina bide horretatik «jai» dutela adierazi dute. Era berean, «jazarpen» hori ireki nahi den prozesu politikoarekin bateraezina dela iritzita, iruditzen zaio erantzun bateratua ematea dela horri guztiari aurre egiteko bide bakarra.

Mobilizazioak

Biharko bista dela eta, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak mobilizazioak deitu ditu. Herri guztietan egingo dira, Eraso guztiak gelditu! Baldintza demokratikoak Euskal Herriarentzat goiburuarekin. Espainiako Gobernuak eta Espainiako auzitegiek Euskal Herriko hainbat eragile politikoren aurka egin dituzten «erasoak» salatzeko eta konponbide prozesuak «baldintza demokratikoak» behar dituela aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.