gizartea

Hainbat bizilagun etxetik atera dituzte bart Urnietan eta Portugaleten, suteengatik

Ez da inor zauritu, hala ere. Portugaleten kalte materialak handiagoak izan dira.

2009ko azaroaren 28a
14:52
Entzun
Urnietan (Gipuzkoa) elkarte gastronomiko batean bart izandako sutearen ondorioz, 37 lagun etxetik atera dituzte suhiltzaileek, badaezpada. Ez da zauriturik izan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Goizeko laurak baino zerbait lehenago sortu da sua, Idiazabel kaleko lau solairuko eraikin bateko behean, eta kea handia eragin du, paper asko erre direlako. Donostiako suhiltzaileak joan dira eta eraikineko bizilagunak atera dituzte etxetik. Elkartean ez da kalte handirik izan, ertzainen arabera. Bostak aldera itzuli dira etxera bizilagunak.

Portugaleten (Bizkaia) ere hainbat lagun atera dituzte etxetik arrazoi beragatik: suteagatik. Ertzaintzaren arabera, elkarte gastronomiko bateko kideek kalean utzitako altzariek su hartu dute gauerdian, Zubeldia Maisua kalean, eta hiru solairuko eraikinaren kanpoaldea kaltetu du keak.

Hala ere, ez da inor zauritu, Jaurlaritzak esan duenez. Baina 11 bizilagunek egun batzuk etxetik at pasatu beharko dute, euren etxeetako kalteengatik. Suaren beroak hiru auto ere kaltetu ditu.

Goizeko hirurak aldera itzali dute sua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.