Garraiolarien greba

Hainbat enpresa geldirik daude hornikuntza faltagatik

Esaterako, Mercedesen Gasteizko lantegia bihar arratsaldera arte lanik egin gabe egongo da, Iruñeko Volkswagenen ere gauza bera gerta daitekeela ohartarazi dute eta Irizar Ormaiztegiko kooperatiban bihar langileei lanera ez joateko deia egin diete. Bart garraiolarien pikete bateko bi kide atxilotu dituzte Behobian.

2008ko ekainaren 10a
17:55
Entzun
Garraiolarien grebak arazoak sortzen jarraitzen du. Besteak beste, hornikuntza arazoak nozitzen hasi dira zenbait lantegitan, eta zenbaitzuk produkzioa eten behar izan dute. Mercedesen Gasteizko lantegia, adibidez, geldirik dago, hornikuntzarik jasotzen ez duenez, lanerako gaiak falta zaizkiolako. Bihar arratsaldera arte egongo da geldirik.

Iruñeko Volkswagenen ere laster egoera berean egon daitezkeela ohartarazi dute enpresako arduradunek.

Irizar Ormaiztegiko (Gipuzkoa) kooperatiban bihar langileei lanera ez joateko deia egin diete. Autobusak egiten dituzte han eta hauen egiturak falta dituzte. Biharko lan eguna larunbatean errekuperatuko dute.

Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteak gaur aitortu du herrialdeko hainbat eta hainbat enpresek arazoak dituztela grebagatik, eta gelditu egin behar izan dutela hornikuntza faltagatik. Arabakoak ere gauza bera esan du.

Pasaiako (Gipuzkoa) Portuan lanean dabiltzan enpresetako kamioiak ez dira ari lanean. Ontziak deskargatzen ari dira, baina kamioiak geldirik daude. Arrantzaleek ere bat egin dute grebarekin, eta baxurako arrantza ontziek gaur ere ez dute irten itsasora.

Bilboko Portuan gaur ere ez dago kamioien sartu-irtenik.

Horrez gain, zenbait gasolindegitan gasoliorik gabe geratu dira jada, eta herritarren artean kezka handia piztu da.

Auto ilarak Biriatun

Berriz ere auto ilarak sortu dira A-8 autobidean, Biriatuko (Lapurdi) muga inguruan. Izan ere, garraiolarien kamioiak han daude gerarazita, eta trafikoa trabatzen dute. Guitrans elkarteak erakunde publikoei eskatu die han dauden kamioilariei elikagaiak eta edariak emateko.

Gainera, bart goizaldean pikete bateko bi kide atxilotu ditu Ertzaintzak Behobian furgoneta bat pasabidea galaraztea eta gurpilak zulatzea egotzita. 38 urteko Irungo (Gipuzkoa) eta 37ko Portugalgo bizilagunak dira atxilotuak.

Aratzurin (Nafarroa) kamioi bat erre dute ezezagun batzuek, eta foruzainak gertaera ikertzen ari dira, erasoak grebarekin zerikusia izan dezakeen jakiteko asmoz.

Jaurlaritzaren debekua

Gaur goizean garraiolariek Trapagatik (Bizkaia) Bilbora "kamioi martxa" egiteko asmoa zuten, Euskadi Plataformak deituta, baina Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak debekatu egin du, A-8 autopistan Bilbotik Kantabriarako (Espainia) bi noranzkoetan trafikoa "kolapsatu" egin zitekeelakoan.

Donostian, berriz, kamioiekin Adegiren egoitzaren atarian elkarretaratzea egin nahi zuten, baina ez dute egin, eta kamioiekin Donostiara joan dira, geratu gabe. Hala ere, Adegiri idatzia eman diete, eta garraioko faktura propioa behar dela eskatu dute. Handik Oiartzunera (Gipuzkoa) joan dira, elkarretaratzea egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.