Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek Bateragune auzian auzipetuen absoluzioa emateko eskatu dute gaur, eta, horrekin batera, ezker abertzalea legeztatzeko eta epaiketa politikoak amaitzeko. Adierazpen bat idatzi dute, eta hauek dira sinatzaileak: EA, Aralar, Alternatiba, ezker abertzalea, LAB, ESK, EILAS, Hiru, Lokarri, Eleak mugimendua, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia, Torturaren Aurkako Taldea, Ikasle Abertzaleak, Gazte Independentistak, Gazte Abertzaleak eta Lau Haizetara Gogoan.
Gaur goizean egin dute agerraldia eragile horietako ordezkariek, eta horien artean izan dira, besteak beste, Rafa Diez Usabiaga, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra auzipetuak. Haritz Petralanda gazte independentistak eta Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak hitz egin dute guztien izenean, eta Bateragune auzia politikoa dela salatu dute, eta sinatzaileek ez dutela isilik egoterik. Euren aldetik "Euskal Herriak merezi eta behar duen etorkizunarekin" euren konpromisoa berretsi dute. Agerraldian egon dira, besteak beste, aipatutakoez gain, Rufi Etxebarria ezker abertzaleko kidea eta Oskar Matute Alternatibako bozeramailea.
"Kontziente gara Bateragune delako epaiketak eta aurki Oarsoaldeko hamazazpi gazteren aurka burutuko den epaiketak garrantzi handia dutela irekia dagoen konponbidearen testuinguru honetan soluziorik ezaren eskeman kokaturik daudenen tesi eta dinamika oztopatzaileak indartu ditzaketelako", diote adierazpenean. Konpromisoa agertu duten etorkizun horretarako, ordea, beharrezkoa ikusten dute bertan behera uztea "eskubide nagusien urraketen aurka Espainiak egiten duen atxiloketa, jazarpen eta epaiketa oro".
Herritarrei indarrak batzeko eta gogor lan egiteko eskatu diete sinatzaileek.