Eragiten dituen «arrisku larriengatik» zein «gainkostu handiengatik», eta sortzen duen ingurumen inpaktuarengatik, Donostiako metroaren lanak eteteko eskatu dio Satorralaiak plataformak Eusko Jaurlaritzari. Bizilagunen elkartearen eskaerekin eta kaleratu berri duen manifestuarekin bat egin dute hainbat eragilek; besteak beste, EH Bildu, Ahal Dugu eta Equo-Berdeak alderdiek, ELA, LAB, CCOO, Steilas, ESK eta Kurpil sindikatuek, baita Greenpeace Euskadi, Haritzalde eta Eguzki elkarte ekologistek ere.
Agerraldia egin dute Donostian, Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eta Mikel Alvarez Satorralaiak-en bozeramaileak manifestua irakurri du. Horretan nabarmendu dute, besteak beste, Kontxako hondartzaren eta Easo tren geltokiaren arteko obren proiektuan ohartarazita dagoela «baldintza geotekniko oso txarrak» dituen zati bat dela. «Tunela egiteak ehunka metroko distantzian desegonkortzeak eragin ditzake lurrazalean», salatu dute manifestuan. Metroaren obrak hasi zituztenetik, hainbat istripu gertatu izan dira.
Satorralaiak-en ustez, gainera, «onartezina» da Jaurlaritzak eta Donostiako Udaleko gobernuak «isilpean» gordetzea metroaren obren «eragin kaltegarriak». Eta zehaztu du, esaterako, Itsasertzetako Zerbitzuak Kontxako hondartzan eraikuntza lanekin eragin den «ingurumen erasoa» egiaztatu duela, eta eskatu duela obrak geldiarazi ditzatela «trazadurari» buruzko txosten «oso bat» egin arte.
Gauzak horrela, plataformari iruditzen zaio «inoiz baino arrazoi sendoagoak» daudela lanak gelditzeko. Bide batez, mobilizatzeko deia egin dio «iritzi publikoari».