Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko epaiketaren zortzigarren saioa egin dute Bizkaiko Auzitegian eta zortzi ertzainek deklaratu dute. Hainbat ertzainen esanetan, ez zuten istilurik ikusi Kirruli tabernaren inguruan, 2012ko apirilaren 5ean, Ertzaintzak Iñigo Cabacas gaztea gomazko pilota batekin larri zauritu zuenean —bost egun geroago hil zen—. Istiluak izan zirela adirazi dutenen arabera, Poza kalean gertatu zirea adierazi dute.
Gortzon Hermosilla BERRIAko kazetariak zuzeneko kontaketa egin du.
8267 agentea
Furgonetako gidaria zen. Eskopetarekin jaitsi zen furgonetatik, baina esan du ez zuela erabili. Aurreko furgonetak ate bat zabalik zuen. Han ertzain bat zegoen, gorriz jantzita, atearen atzean babestuta eta handik tiro egiten. Anbulantzia iritsi zenean jakin zuen zauritu bat zegoela. Ez zuen agindurik entzun.
5052 agentea
Furgoneta bateko arduraduna zen. Iritsi zirenean dena kontrolpean zegoela dio. Dioenez, iritsi zirenerako Cabacas lurrean zetzan. Ez daki bere furgonetako inork tiro egin ote zuen. Haren agindupeko agenteek ez zuten esku hartu kalezuloan.
9587 agentea
12. furgonetan zihoan. Lekukoak dioenez, lerro bat egin zuten, eta kalezulora jo. Berak eskopeta zeraman.
10164 agentea
Furgoneta berean zihoan beste ertzainaren bertsioa berretsi du: galerietara jo zuten kontrola mantentzeko, baina kalezuloan ez zuten esku hartu. Haien aldean ez zegoen istilurik. Dioenez, zauritu bat egon zenik ere ez zuten jakin.
10248 agentea
F22 furgonetan zihoan. Moyua plazan zeuden, Maria Diaz de Haro kalera joateko deia jaso zutenean. Iritsi zirenean, lekukoa eta beste ertzain bat eskuineko espaloira bidali zituzten, jendea kontrolatzeko. Jendeak irain egiten zien, baina ez zioten ezer bota. Ez zuten aparteko arazorik izan, eta ez zuten ezer ikusi.
12563 agentea
Hau ere kontrako espaloira bidali zuten, galerietara. Aurrekoen bertsioa berresten ari da.
F92H3 agentea
22 furgonetako beste kide bat zen. Adierazi duenez, bere lehenengo jarduera izan zen jendea Maria Diaz de Haro kaletik urrunaraztea. Gero, kalezulora egin zuten. Poza kalera jo zuten, pasadizotik. Han gauzak bota zizkieten. Pilotarik gabeko tiro bat egin zuen, eta beste bat pilotarekin. Gazteak mugitzen ari ziren zaborrontzi baten kontra jo zuen. Argitu du pilota bat baino gehiago bota zituela, bost bat. Inork ez zion agindurik eman horretarako, "defentsiboak" izan ziren. Hori guztia gertatu zenerako Iñigo zaurituta zegoen.
R84K8 agentea
F22 furgoneta gidatzen zuen. Maria Diaz de Haro kalera iritsi zirenean, furgoneta gurutzatzeko agindu zioten, trafikoa mozteko. Ertzain honek ere ez zuen esku hartu kalezuloan.