Hainbat etxe hustu behar izan dituzte Trebiñun, sute handi bat dela eta

Suteak ehunka hektarea erre ditu, eta Gasteiztik hamar kilometrora zegoela kontrolatu dute, haize aldaketari esker

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Arriskua zegoen. Bero zapa suteetarako aliatu aproposa da, eta gutxi behar izaten du indar handiz zabaltzeko. Hala gertatu zen atzo arratsaldean Trebiñun (Araba), eta Artzibarren (Nafarroa).

Trebiñuko sutea arratsaldeko 14:15 aldera piztu zen, Franku herriaren inguruan. Handik Uzkio aldera zabaldu zen, hego haizeak bultzatuta. Gero, Gasteizko mendatean errepidea gainditu zuen suak, eta lau orduan, gutxienez lau herritara zabaldu zen: Armentia, Saratsu, Marauri eta Agilu. Uztondoak eta sastrakak erretzeaz gain, basoa ere erre zuen suak. Inguruan sasi ugari dago, eta oso lehorra zegoenez, sua asko indartu zen mendialdean, amatatzen ibili zen Uzkioko herritar batek kazeta honi jakinarazi zionez.

Suteak iparraldera egin zuen ziztu bizian, eta Gasteiztik hamar kilometrora hurbildu zen, Gasteizko Mendietarako norabidean. Hain zuzen ere, Arabako hiriburutik ikus zitekeen kea arratsaldean.

Sugarrak Agilu aldera hurbildu zirenean asko indartu ziren, eta, badaezpada ere, herria hustu behar izan zuten amatatzen ibili zirenek. Hain zuzen ere, Gasteizko eta Gaztela-Leongo suhiltzaileak aritu ziren lanean, eta, horretarako, tresna ugari erabili zituzten: ur hegazkin bat, lau helikoptero, zortzi 4x4 auto eta buldozer bat. Suhiltzaileekin batera aritu ziren guardia zibilak eta miñoiak ere.

Haien artean, herritarrak aritu ziren arratsalde osoan lanean jo eta ke sua itzali nahian. Hain zuzen ere, suaren beldur, etxeetan sartuta igaro zituzten askok ordu luzeak, eta beldurra nabaria zen, Trebiñuko Udaleko zinegotzi batek adierazi zuenez. Agilun une larriak pasatu zituzten, esaterako, sua etxeetaraino asko urreratu zelako.

Iluntzean, haizearen norabidea aldatu zen -hegotik iparrera-, eta sutearen frontea gelditzen lagundu zuen horrek, Axarte herriaren inguruan. Javier Garcia Reina Gasteizko Udaleko basozainak adierazi zuen haizeak norabidez aldatzearekin batera sutearen alderik aktiboena eta arriskutsuena motelarazi zutela. 20:00 aldera, sutea kontrolatuta zegoela adierazi zuen Jose Ignacio Pardok, sutea amatatzeko operazioko koordinatzaileak. Sua Gasteizko Mendietako basoetara iritsiko ote zen beldur ziren itzaltzen aritu zirenek, baina halakorik ez zen gertatu, azkenean. «Badirudi ez dela igaro Axartetik», esan zuen Pardok.

Sutea Artzibarren ere

Araban ez ezik, Nafarroan ere piztu zen sute bat atzo, Artzibarren. 16:47 aldera piztu zen sua, eta, bi ordu eta erdi geroago, kontrolatutzat eman zuten. Suak hariztiak eta pinudiak erre zituen batez ere Azparren, Ekiza eta Aristu artean, Baigura mendiaren hego-mendebaleko magalean, Nafarroako Gobernuak prentsa ohar baten bidez jakinarazi zuenez. Sua amatatzen jardun ziren Nafarroako Gobernuko suhiltzaileak: Cordovillako parkekoak eta Zangozakoak eta Aurizperrikoak.

Nafarroako Larrialdietarako Agentziak Nafarroako Gobernuaren hiru helikopteroak eraman zituen sua zabaldu zen tokira. Aldi berean, Espainiako Gobernuaren Ingurumen Ministerioaren hegazkin arin baten eta helikoptero baten laguntza ere izan zuten sua amatatzen ibili zirenek.

Suteen beldur, atzo goizeanohartarazi zuten Arabako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak suteak gertatzeko arrisku bizia zegoela bi herrialdeetan, eta kontuz ibiltzeko eskatu zuten. Arabako Foru Aldundiak propio gogorarazi zuen uztondoak eta landareak erretzea debekatuta dagoela, eta isun gogorrak daudela horrelakoak erretzen dituztenentzako.

Zenbait iturriren arabera, Trebiñun gertatu zen sua uztondoak erretzeagatik izan zen. Edonola ere, ofizialki ez dute halakorik baieztatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.