Egunkaria auzia

Hainbat eurodiputatuk 'Egunkaria auzia'-n absoluzioa eskatu dute

"Epai justua", auzipetu denak errugabe jotzea litzatekeela diote eta eragindako kalteen ordaina ematea. Auziaren aurkako agiria sinatzeaz gain, haietako batzuek Martxelo Otamendi auzipetu eta kazetako zuzendari izandakoarekin batera agerraldia egin dute Europako Legebiltzarrean bertan.

2010eko otsailaren 10a
11:39
Entzun
Europako Legebiltzarreko hainbat diputatuk berriz ere Egunkaria-ren auziaren kontrako salaketa egin dute gaur, Estrasburgon (Frantzia), eta auzian absoluzioa eskatu dute, "epai justua" hori izango delako. Hala, kazetako "zuzendaritzako bost kide ohiak errugabe" jotzeko eskatu dute, "epaiketa zain dagoen auzi ekonomikoa bertan behera uzteko eta auzipetu guztiei eragindako kalteen ordaina emateko".



Europako Liberalen eta Demokraten Aliantza (ALDE), Berdeak-ALE, GUE-NGL eta Europako Alderdi Popularra taldeetako kideek adierazpena izenpetu dute; oraingoz, 25ek (oraindik atxikimenduak jasotzen ari dira).

"Komunikabideen askatasuna eta pluraltasuna errespetatu" egin behar direla diote, eta Egunkaria-ko auzipetuek egindako tortura salaketak ere hizpide izan dituzte. "NBEko torturari buruzko kontalari berezi Theo van Bovenek 2004ko martxoan egindako txostena nabarmendu behar dugu. Espainia bisitatu ondoren, han giza eskubideen egoera nolakoa zen aztertzeko, ondorioztatu zuen Egunkaria-ko auzipetuek egindako tortura salaketek oinarri sendoa zeukatela eta Espainiako Gobernuari tortura prebenitzeko neurriak hartzeko eskatu zion".

Babesa agertu duten eurodiputatuetako batzuek Martxelo Otamendi auzipetu eta Egunkaria-ko zuzendari ohiarekin batera agerraldia egin dute eguerdian, legebiltzarrean bertan. Hain zuzen, Izaskun Bilbao (EAJ), Ramon Tremosa (CiU), Oriol Junqueras (ERC), François Alfonsi eta Catherine Greze (Berdeak) eta Raul Romeva (ICV) izan dira Otamendirekin. Hamabost bat kazetari izan dituzte prentsaurrekoan.

Espainiako Estatuaren aurka gogor jo dute

Bilbao EAJko europarlamentariak salatu du Egunkaria-ren kontrako auzia "oinarririk gabekoa" dela, eta "ohorea berreskuratzea beharrezkoa" dela. "Auzi honek ez zuen behin ere gertatu behar". Tremosak kazetaren itxiera "eskubide bortxaketa" izan zela gaitzetsi du, eta azpimarratu du gaur egun Europako Batasuneko presidentzia daukan estatuak [Espainiak] egunkariak ixten dituela. "Horren aurrean erantzun sendoa eman beharra dago", esan du CiUko europarlamentariak. Junqueras ERCko kideak, besteek bezala, auzian "irtenbide bakarra absoluzioa" dela exijitu du, "onartezina baita egunkari bat ixtea. Gogor borrokatu beharra dago bortxaketa horren aurka".

Alfonsik Espainiako Estatuaren jokabidea salatu du, "Euskal Herrian eskubideen egoera ez delako batere ona". Haren arabera, "Espainiak arazoa du demokraziarekin: euskaldunen adierazpen askatasuna sistematikoki bortxatzen du", eta, hori argudiatzeko asmoz, Alderdien Legea edo Egunkaria-ren itxiera aipatu ditu adibide moduan. "Ideien aurka egiten du Espainiak".

Romevak (ICV) ere "erabateko elkartasuna" agertu die Otamendiri eta auzipetuei, eta Europako Batasunari eskubideen aldeko defentsan "koherentzia handiagoa" izateko eskatu dio. "Kanpoko urraketak salatzen ditu, baina gehiago begiratu beharko luke barrura".

Otamendik auziaren laburpena egin die hedabideei: zer zen Egunkaria, itxiera nolakoa izan zen, torturak salatu zituztela atxilotu askok, elkartasun handia jaso dutela Euskal Herrian eta beste hainbat tokitan -Europako Legebiltzarrean, besteak beste-, auzipetuek absoluzioa besterik ez dutela onartuko, gero "justizia" eskatuko dutela... Kazetari batek galdetu dio epaia aldekoa bada Europako giza eskubideen erakundeetara joko duten. Beste batek kalte-ordainez egin dio itauna.



2005eko otsailaren 22an 22 europarlamentarik Egunkaria ixteko erabakia baliogabetzeko eskatu zuten.

Epaiaren zain

Joan den otsailaren 1ean bukatu zzen Egunkaria-ren itxiera kasuko epaiketa, eta epaiaren zain daude. Defentsak eta fiskalak absoluzioa eskatu dute. Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek, aldiz, 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorrak Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuentzat, ETArekin lotura izan zutelakoan.

Guardia Ziblak itxi zuen Egunkaria, 2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.