Hiriburu eta lurraldeetan ez bezala, ezker abertzalearekin hitz egin eta akordioak lotzeko prest agertu dira PSNko kideak hainbat udalerritan. Horren adibide dira Atarrabia eta Tafalla.
Tafallan udal gobernuan sartzeko EH Bilduren gonbita onartu zuten sozialistek, eta garesti ordaindu dute erabakia. Izan ere, PSNko zuzendaritzak auzibidean jarri ditu Tafallako sozialistak. Auzibidea erretiratzeko eskatzea izan da azken horien erantzuna, eta gogorarazi diete alderdiko buruei eurak ere "modu arraroan" jokatu izan dutela zenbait unetan, baina orduan ez zela auzibiderik zabaldu.
Tafallako sozialistek nabarmendu dute, bestalde, EH Bilduren udal gobernuan parte hartzeko erabakiak herriko PSNren babesa izan duela hasieratik. Horiek hala, gaitzetsi egin du exekutiboak hartutako erabakia.
PSNko Lurralde Zuzendaritzak gidalerroak ez betetzea egozten die Atarrabia eta Tafallako sozialistei, eta auzibidea abian jartzeko eskatu dio Madrili.
UPNren eskaintza EH Bilduri
Antzekoa da Andosillako alkate Manuel Teresen egoera. Hark aitortu du "estu hartu" dutela UPNren zuzendaritzatik, eta ez ziurrenik alderditik kanporatuko dutela.
Teresek industriaren ardura eman dio Jose Ramon Gurrea EH Bilduko hautagaiari. Baina bere esanetan, horrek ez ditu UPNren "gidalerroak urratzen", ez baitu "akordiorik hitzartu" ezker abertzalearekin. "Gurreak udalaren alde lan egiteko borondatea agertu du, eta uste dut alkate gisa herritarrekin osatu behar dudala gobernua".