Hainbat herritarrek babesa adierazi diete Donostiako hamabost gazteri gaur, Epaitegi Gorenak aurki Auzitegi Gorenak ezarri zien sei urteko espetxe zigorraren gaineko erabakia eman aurretik. Segiko kide izatea leporatuta zigortu zituzten, eta gaur babesa ematera joandakoek "zigor politikoa" dela salatu dute.
Lagun eta senide ugari hurbildu dira gaur, eta "Euskal Herrian ireki den aro berrian horrelako zigor politikoak ulergaitzak" direla salatu dute. Gazteen lana politikoa eta soziala zela azpimarratu dute, eta "herri honekin konprometitutako gazteak izateagatik" zigortu zituela Auzitegi Nazionalak.
Atxilotu zituztenean torturak salatu zituzten, eta urte eta erdi eta bi urte artean preso egon ostean fidantza ordaindu ostean utzi zituzten aske. 15 gazte horiek bezala Donostian epaiaren zain dauden hogeitik gora lagun daudela gogoratu dute.
Aste honetan bertan "muntai polizial baten ondorioz", Mikel Vargas gaztea bi urterako kartzeleratu dutela salatu dute.