UIB Unibertsitateko Indar Batasunak jakinarazi duenez, ikasle batzuk EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko gela batean sartu dira. Horrela, aldarrikatu nahi dute «antolatzeko espazioen faltaren inguruko negoziazioa» falta dela. Gogorarazi dutenez, ikasturte hasieran itxi egin zieten horretarako erabiltzen zuten espazioa, «pandemiaren kudeaketaren aitzakiapean». Ez da gela batean sartzen diren lehen aldia: otsailaren 22tik 24ra ere fakultate bereko Zorroaga aretoan egon ziren, Ertzaintzak bertatik atera zituen arte.
Azaldu dutenez, hainbat pausu eman dituzte gela batean sartu aurretik, eta, besteak beste, aurreko astean gutun bat helarazi zioten fakultateko dekanotzari eta EHUko errektoretzari, esanez «jardun politikoa aurrera eramateko» lekua behar dutela. Bertan, «EHUren askatasun politikoen urraketak» ere salatu zituzten.
Ikasturte hasieratik ari dira espazioen beharra aldarrikatzen, ziurtatu dutenez. Ordutik negoziatzen saiatu arren, ez dutela «erantzunik eta konponbiderik» jaso salatu dute. Hortaz, otsailaren 22an gela batean sartzea erabaki zuten, eta, UIBen hitzetan, lortu zuten fakultateko dekanotzarekin eta unibertsitateko errektoretzarekin negoziazioari berriz ekitea, «baina unibertsitatetik ez zuten arazoa konpontzeko borondate errealik adierazi, eta UIBren eskakizun guztiak ezeztu zituzten». Bi egun igarota, otsailaren 24ko gauean, Ertzaintzak bertatik atera zituen. UIBek Ertzaintzak ikasleak «bortizki bota» zituela ziurtatu du. «35 ikasle izan ziren identifikatuak, eta, gaur egun, isun gogorrak jasotzeko esperoan daude».